Udalak jakinarazi duenez, barruko igerileku handian izandako ur filtrazioek eragindako kalteen ondorioz, astebetez atzeratuko dute irekiera: "Abuztua amaieran, barruko igerilekuetako garbitze eta prestaketa lanekin batera, udal langileak ohartu ziren ur poltsak sortu zirela igerileku handiaren azpian. Baldosazko igerilekua denez, hau konpontzeko beharra ikusi dute teknikariek, eta, behin konponduta, saneatu, eta dagoeneko bihar bertan hasiko dira igerilekua urez betetzen". Halere, Mikel San Miguelek, Udaleko Kirol zinegotziak, erantsi du egun batzuk beharko dituztela ur hori tratatu, egonkortu eta kontrol analisiak egiteko; hala, datorren astearen amaieran ireki ahal izatea aurreikusten dute.
Konponketak egin bitartean, kanpoko igerilekua zabalik mantenduko dutela azaldu du Udalak, eguraldia "aldekoa" ez den arren: "Baina nahiago izan dugu kanpoko igerilekua erabiltzeko aukera ematea, kiroldegiko erabiltzaileak zerbitzurik gabe uztea baino".
Eginiko lanak
Udalak hiru esku-hartze zituen egiteko Musakolako kiroldegian, eta lanak amaituta dituztela jakinarazi du; esate baterako, eremu lehorreko aldageletako lurra berritu eta paretak margotu dituzte. "Oso egoera txarrean zegoen lurra, eta oinarrizko esku hartzea egin da. Dagoeneko zabalik dago, eta erabilgarri bazkideentzat". Horrez gain, sauna gunea ere berritu dute, "hezetasun eta itogin arazoak" zituelako: "Garbiketa lanak egiten ari dira gaur, eta bihar bertan irekiko da". Azkenik, barruko igerileku txikiaren estaldura aldatu dute, "guztiz kaltetuta" zegoelako zorua; lanak egiten dabiltza, eta datorren asterako prest izango dela iragarri dute.