Euskarazko komiki kluba eta idazketa tailerrak Udal Bibliotekan

Hasier Larrea 2024ko ira. 10a, 12:58

Arrasateko Udal Bibliotekak ikasturte berrirako egitaraua aurkeztu du. Urrian hasi eta maiatza arte, 22 solasaldi programatu dituzte, eta baita berrikuntzak ere. Jarduera horietan izena emateko epea irailaren 16tik 22ra egongo da zabalik.

Bi berrikuntza nagusi ageri dira Arrasateko Udal Bibliotekaren ikasturte honetako egitarauan: euskarazko komiki kluba, eta idazketa tailerrak.

Iazko gaztelerazko komiki klubak "arrakasta" izan zuela-eta, hura aurten bigarrenez antolatzearekin batera, euskarazkoa sortzeko pausoa eman dute programatzaileek. Euskarazko taldea Igor Leturiak gidatuko du, otsailaren 12 eta maiatzaren 14a bitarte. Gaztelerazkoa, berriz, Azucena Mongek urriaren 16tik eta urtarrilaren 15era. Elkarguneok komiki-irakurleek aldez aurretik irakurritako komikiak komentatzeko helburua dute.

Idazketan trebatu nahi dutenek ere izango dute formaziorako aukera, euskaraz zein gazteleraz. Gaztelerazko tailerrei dagokienez, oinarrizko zein sakontze mailako tailerrak izango dira; euskaraz, berriz, sakontze mailakoa.

Solasaldiei dagokionez, oraingoan ere, literatura solasaldiak eskainiko ditu Bibliotekak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Guztira 22 solasaldi antolatu dira, ikasturte osoan banatuta.

Izen emateak irailaren 16tik 22ra

Jarduera hauetan izena emateko epea irailaren 16tik 22ra izango da. Kontsultatu informazio guztia azpian erantsita dagoen esku-orrian edota udal bibliotekaren webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak