58.831 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio Auzo Lagun enpresak –egun, Ausolan– langile bati, Eibarko Lan Arloko Epaitegiaren arabera, lanean erabilitako garbiketa produktuek eragindako osasun arazoengatik. Hain justu, CCOO sindikatuak emandako informazioaren arabera, epaiak jasotzen duenez, beharginari zortzi aldiz eman zion baja medikuak 2018ko apiriletik 2020kora –guztira, 344 egun izan ziren–, batik bat, ahoko afta eta dermatitis kasuengatik. "2020an, justiziak lan gaixotasuntzat kontsideratzea lortu zuen; EAEko Justizia Auzitegi Gorenak, ondoren, lanetik eratorritako ezintasun iraunkor osoa onartu zuen".
Alfonso Riosek, CCOO sindikatuko lan osasuneko arduradunak, langileak 2018tik jasandako "sufrimendua eta ezinegona" salatu du, "enpresaren aldetik ez zirelako aurrera eraman beharrekoak ziren prebentzio neurriak".