Ludotekak eta gaztetxokoak edonorendako irekita egongo dira irailean

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ira. 9a, 16:28

Irailarekin batera, Arrasateko ludotekek eta gaztetxokoek ere ohiko jardunari helduko diote. Gaur zabalduko dituzte ateak Okendoko, Santa Marinako eta Usaetxeko ludotekek eta astelehenetik egubakoitzera egongo dira zabalik, 17:00etatik 20:00etara. Auzoetako gaztetxekokoak bihar hasiko dira martxan.

Gaur, astelehena, zabalduko dituzte Okendoko, Santa Marinako eta Usaetxeko ludotekak. 3 eta 11 urte bitarteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. "Jolaserako eta gozamenerako guneak dira, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte-hartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko… beti ere, berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta", azaldu dute Txatxilipurdiko kideek.

Irail osoan ate irekiak edukiko dituzte edonorentzako. "Egun horietan, hiru ludotekak zabalik egongo dira, zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko, hezitzaileekin hitz egiteko, zalantzak argitzeko eta abar. Urritik aurrera, aldiz, izena emanda egotea eskatuko da ludotekan parte hartzeko".

Izen-emateak ludoteketan egin ahal izango dira, astelehenetik egubakoitzera, 17:00etatik 20:00etara. Horrekin batera, Gazte Bulegoan edo udal webgunean ere bai. Hiruhileko bakoitzerako edo urte osorako izena emateko aukera dago (urte osorako kuota, 30 euro; hiruhileko bakoitza, 10 euro).

Gaztetxokoak, bihartik aurrera

Gaztetxokoen bitartez, aldiz, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei "ondo pasatzeko eta euren garapenean esanguratsuak diren arloak lantzeko" espazio bat eskaini gura diete: aisialdia, pertsonen arteko harremanak, parte-hartzea, sormena, autonomia, emozioak eta abar. Irailaren 10ean zabalduko dituzte auzoetako gaztetxokoak eta martitzenetik egubakoitzera egongo dira erabilgarri, 17:00etatik 20:00etara.

Musakolaren kasuan, aurtengo ikasturtean lokal berria egokitzeko obrak egingo dituzte. Horiek amaitu bitartean, auzoko nerabeek alkatetza ondoko lokalean biltzeko aukera edukiko dute.

Gaztelekua egubakoitzean irekiko dute

Azkenik, nerabeei zuzendutako asteburuetako aisialdi eskaintza gaztelekutik bideratzen da, Nafarroa etorbidean dagoen tren geltoki zaharrean. Hori irailaren 13an zabalduko dute, 18:00etan eta astebururo egongo da irekita, honako ordutegi honekin: egubakoitzetan 18:00etatik 21:00etara eta zapatu eta domeketan 17:00etatik 21:00etara.

Informazio gehiagorako, Gazte Bulegora jo, 943 25 20 65 telefono zenbakira deituz edo gaztebulegoa@arrasate.eus helbidera idatziz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak