Herrikideen aurrean debuta egiteko ordua du Ander Muruak

Xabier Urtzelai 2024ko ira. 6a, 12:00

Ander Murua pilota astintzeko unean, uztailean, Uarkapen egin zioten omenaldian.

Ander Murua arrasatearrak domekan egingo du pilotari profesional gisa debuta (Uarkape, 17:00). Partidu berezi horren gainean berba egiteko GOIENA Mauri Zubillagarekin izan da, hamar urtez aspeko pilotariaren entrenatzaile izan zenarekin.

Domekan Ander Muruak (Arrasate 2000) egingo duen debutaren aurrean norbait emozionatuta badago, hori haren entrenatzaile izandako Mauri Zubillaga da: "Seguru nago harmailetan jende asko batuko garela, urteak dira Arrasatek pilotari profesional bat izan ez duela, eta jendea gogoz dago". Hain zuzen, atzera begiratua eginez gero, Aitzol Lazkano (Arrasate, 1980) izan zen Ordago enpresaren eskutik profesionaletara salto egin zuen azken mondragoetarra. 2005ean izan zen hori, baina Lazkanok herrian baino gehiago Gaztela eta Leonen, Errioxan, Burgosen, Nafarroan... herritik kanpora izan zituen jaialdi gehienak. Eta atzerago eginez gero, 1976an eta 1979an Arrasatek Herri Arteko Pilota Txapelketak irabazi zitueneko hainbat pilotari ekarri behar dira gogora: Juanjo Urra, Aitor Lazpita, Juan Enjuto Pecharroman eta Mauri Zubillaga bera. "Ordutik hona gauzak asko aldatu dira, gu ez ginen erabat pilotara dedikatzen. Nik kooperatiban egiten nuen lan, Urra taxi gidaria zen, Lazpitak tailer batean egiten zuen lan... Baina 1976an partiduko 10.000 pezeta ordaintzen zizkidaten niri, eta Urrari 15.000 pezeta. Orduan dirua zen!", dio Zubillagak.

"Aitak asko lagundu dio"

Zubillagak ez du zalantzarik, Muruak pilotari gisa etorkizun polita izateko osagai guztiak ditu: "Ez izan zalantzarik, artista hutsa da. Eta haren ibilbidean nik ez daukat inongo meriturik. Baina haren aitak bai, Javier Muruak sekulako eragina izan du Anderren kirol ibilbidean. Zenbat ordu egingo zituen harekin frontoian... Aita guztiak halakoak balira, profesional gehiago izango genituzke herrian". Hori bai, orain zortea behar duela dio Zubillagak. "Anderri 300 partidu ikusiko nizkion, eta frontoian denetarikoak egiten ikusi dut, oso maila politeko pilotaria da, karakterra dauka. Baina profesional mailan orain behar duena da zorte apur bat, lesioekin, gauzak patxadaz hartzen...".

"Ordua zen saltoa emateko"

Zubillaga bera izan zen, Aspeko bulegoetan kontratua sinatu berritan, Muruaren deia jaso zuen lehenengoa. "Profesionaletako kontratua sinatu zuela esan zidanean, batera eta bestera ibili nintzen zer egin jakin ezinik. Eta esanguratsua da, Gipuzkoako klubetako ordezkari askoren mezua neukan, eta denek esaten zidaten gauza bera, ordua zela! Muruak beste askok baino gauza gehiago erakutsi behar izan ditu profesionaletara salto egiteko. Espainiako txapeldun izan da, munduko txapeldun, torneoak irabazi ditu han eta hemen. Iaz ez dakit sei torneo irabazi ez zituen... Baina, azkenean, iritsi zaio aukera, eta, esandako moduan, zortea izan dezala".

Uarkapek itxura polita

Domekako jaialdia ETB1ek emango du, baina, aste barruan sarreren salmentak zelan joan diren ikusita –eguaztenean Internet bidez 60 sarrera baino ez ziren geratzen–, bistan da Uarkapeko harmailek itxura ederra erakutsiko dutela –Monte eta Buenuena tabernetan ere eros daitezke sarrerak, 25 eurotan–. Ander Muruaren debuta atariko partiduan izango da: Arrasatekoak Bikuñarekin osatuko du bikotea, eta Egiguren V.a eta Aldabe izango dituzte aurrean. Eta jarraian, Masters Caixabank Ligako jardunaldia jokatuko dute: partidu horretan Peio Etxeberriak eta Mariezkurrena II.ak Zabalaren eta Imazen kontra jokatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak