Zabalik da Fagor Herrigintza lankidetza programan izen-ematea, eta gizarte eragileek irailaren 30era arte izango dute euren ekinbideak aurkezteko aukera, Fagor Taldeak jakinarazi duenez. 120.000 euro zehaztu dituzte sustatzaileek, hiru dirulaguntzatan banatuta: 60.000, 40.000 eta 20.000 euro. Proposamenei dagokienez, Fagor Taldearen webgunean aurkeztu beharko dira, eta baldintzetako bat da euskaraz izatea. "Fagorrek iraunkortasuna du ipar eta jardun modu. Komunitatea ahalduntzeko eta indartzeko bitartekoak eskaintzea funtsezkoa da bide horretan. Are: gizarte hobe bat eraikitzeko egiten duten lana aitortzeko modu bat da", adierazi du Aritz Otxandiano Kanpok, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Proposamenen aukeraketari dagokionez, aurretik ezarritako oinarrien araberako balorazioa egin ondoren, Fagor kooperatibako bazkideek azaroko lehen hamabostaldian hautatuko dituzte diruz lagunduko diren hiru proiektuak, eta abenduaren 16an argitaratuko da zeintzuk diren.
Hirugarren aldia da
Fagor Herrigintza lankidetza programak 2022an egin zituen lehen urratsak, "euskal gizartean erroturiko ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko", eta hirugarren aldia du aurten; sustatzaileen hitzetan, "Garapen Iraunkorreko Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu" nahi dituzte programaren bitartez. Iaz, esate baterako, Biolur elkartea (60.000 euro), Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa (40.000 euro) eta Iñurri elkartea (20.000 euro) izan ziren onuradunak.