Arrasateko Akordeoi Jaialdian izena emateko epea zabalik dago

Maider Aranguren Garay 2024ko abu. 24a, 09:07

Arrasateko Akordeoi Jaialdiko iazko une bat. (Argazkia: GOIENA).

Akordeoiaren hiriburu bihurtuko da Arrasate abenduaren 6tik 8ra artean, beste urte batez. Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkartearen eskutik antolatutako jaialdian, hainbat izango dira musikariak lehiatu ahal izango diren kategoriak. Akordeoi joleen grina sustatu eta ikasle zein irakasleen lana saritzea ezartzen du elkarteak helburu bezala. Lehiaketan izena emateko aukera zabalik dago. 

Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak, Arrasateko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Arrasateko Akordeoi Jaialdia antolatu du, abenduaren 6tik 8ra ospatuko dena. Bertan, Arrasate Hiria Nazioarteko XXXI. Akordeoi eta Akordeoi Ganbara Musika Lehiaketa, Gipuzkoako XLIV. Akordeoi Lehiaketa eta Gipuzkoako XXXVI. Akordeoi Jaialdia ospatuko dira. Ikasle gazteetatik hasita, maila goreneko akordeoi-jotzaileetaraino, asko dira jaialdiak hartuko dituen musikariak.  Arrasateko Jaialdia goreneko mailan dago eta asko dira urrutitik etortzen direnak akordeoiaren hauspoari emateko. Parte-hartzeko aukera zabalik dago, epe-muga desberdinekin kategoria bakoitzerako. 

XXXI "Arrasate Hiria" Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa

Akordeoi Lehiaketen nazioarteko maila da eta nazionalitate eta herrialde guztietako edozein adinetako parte-hartzaileei irekia dago. Erreferentziazko lehiaketa bezala hartu ohi da. Izen ematea zabalik dago urriaren 4ra arte webgunean ageri den inprimakiaren bitartez. Lehiaketak bi fase izango ditu, kanporaketa fasea eta azken fasea, eta hainbat herrialdetako musikariak izango dira epaimahaiaren parte. 

Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Ganbera Musika Lehiaketa

Kategoria honetan edozein nazionalitatetako ganbera-musikako talde guztiek parte hartu ahal izango dute, baldin eta horien batez besteko adina 35 urtetik gorakoa ez bada (taldeko partaide guztiak kontuan hartuta). Taldeak gutxienez bi lagunekoak eta gehienez bostekoak izango dira, eta gutxienez akordeoi bat izan beharko dute beren organikoan. Lehiaketa bi fasetan banatuko da: lehenengoa bideoz egingo da eta bigarrena aurrez aurre, Arrasaten egingo da hautatuko sei taldeen artean. Izen-emateak modu berberean egingo dira eta epea irailaren 2an amaituko da. 

Gipuzkoako XLIV. Akordeoi Lehiaketa

Ikasketa prozesuan dauden gazteei luzaturiko kategoria da hau, ibilbide profesionalari dagozkion alorrak lantzeko aukera ematen baitie lehiaketa honek antolatzaileen aburuz. Akordeoi jotzaileek norberaren errepertorioa aukeratu, obra desberdinez osatutako programa luzeagoak interpretatu, epaimahaikideen aldetik egindakoaren inguruko balorazio zehatzagoak jaso eta beste hainbat onuraz goza dezakete. Musikari profesionalen lan alorrera hastapen bezala hartzen dute askok lehiaketa.

Beste kategoria batzuk nazioartekoak izan arren, Gipuzkoako XLIV. Akordeoi Lehiaketa Euskal Herrian eta espainiar estatuan jaio edo/eta bizi diren akordeoilariei zuzenduta dago, bai eta Hauspoz-eko bazkideen ikasleei ere. Hiru kategoria desberdinetan lehiatuko dira gazteak: haur maila (13 urtera arteko parte-hartzaileak), junior maila (14 eta 17 urte bitarteko parte-hartzaileak) eta senior maila (18 urtetik gorako parte-hartzaileak). Partaideek beren adinari dagokion maila edo handiagoan aurkeztu ahal izango dute, baina inoiz ez maila txikiagoetan, ezta bi mailatan aldi berean ere. Lehiaketa honetan parte hartzen dutenek, ezingo dute urte berean jaialdian parte hartu, Ganbera musika, Ensemble instrumental edo Talde-mailetan izan ezik. Gipuzkoa Lehiaketarako izen emateak urriaren 4a baino lehen egin beharko dira webguneko inprimakiaren bitartez eta, ondoren, akordeoi jotzaileek partiturak bidaltzeko, azaroaren 15erarte izango dute epea. 

Gipuzkoako XXXVI. Akordeoi Jaialdia

Akordeoia ikasten ari diren gazte eta gaztetxoen instrumentuarekiko zaletasuna sustatzea da Gipuzkoa Jaialdiaren helburua. Jendaurrean akordeoi jotzeko bizipena izatea du helburu nagusitzat, eta bakarkako eta ganbara musikako mailak hartzen ditu bere baitan Jaialdiak. Jaialdirako izen-emateak urriaren 4a baino lehen egin beharko dira. 

Musikaz gozatzeko egunak 

Abenduaren 6tik 8ra artean Arrasaten musika izango da nagusi eta mundu osotik bertaratu diren musikariek lehiatzeko eta disfrutatzeko aukera izango dute herritarrekin batera. Iaz 300 akordeoi jotzaile aritu ziren instrumentua hauspotuz eta hauek izan ziren lehiaketa desberdinen irabazleak: Jessica Reis portugaldarra XXX Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketako garailea, Ibon Asua Gipuzkoa XLIII Akordeoi Lehiaketako (Senior maila) garailea, Hegoi Bertolo Gipuzkoa XLIII Akordeoi Lehiaketako (Gazte maila) garailea eta Urtzi Larrabeiti Gipuzkoa XLIII Akordeoi Lehiaketako (Haur maila) garailea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak