Jose Maria Arizmendiarrietaren jarraitzailea zen Ormaetxea, baita kooperatiba ereduaren defendatzaile sutsua, euskaltzale amorratua eta Arizmendi Ikastolaren sorreran pertsona inportantea ere.
Oñatiko Araotz auzoko apaiza ere izan zen bi urtez, Venezuelara misiolari lanetan joan aurretik. Bertan, kooperatibismoaren balioak sustatu zituen eta, beste euskal misiolari batzuekin batera, eskola profesionalak sortu zituen Cua eta Paracotos hirietan.
Arizmendi Ikastolaren sorreraren gakoa
Ezin da ulertu Arizmendi Ikastolaren sorrera, besteak beste, Ormaetxearen parte hartzerik gabe; hain justu, bertako zuzendaria ere izan zen arrasatearra. Arizmendi Ikastolak ekainean argitaratu zuen bertako historiaren gaineko bideo batean adierazten zuen Ormaetxeak ikastolaren sorreraren parte izateagatik eta izan duen bilakaeragatik sentitzen duen harrotasuna.