Pozik agertu da Udal gobernua saihesbidean pantailak jartzearekin

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 30a, 09:00

Bi kamioi Arrasateko saihesbidean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrasateko saihesbideko babes akustikorako pantailak jartzeko erabakia hartu du, eta Udal gobernua pozik agertu da honekin. Zarata mapa idazteko kontratua esleituta dagoela ere jakinarazi dute.

Arrasateko Udal gobernu ezberdinek 20 urtetan zehar egindako eskaria izan da herriko saihesbidean babes akustikorako pantailak jartzea, eta azkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaera onartu du. Pozik agertu da egungo Udal gobernua Aldundiaren erabakiarekin. "Berandu bada ere, eskaera historiko honi erantzunda, bizilagunek orain arte jasandako trafiko zarata gutxituko dela espero du gobernuak", adierazi dute ohar baten bitartez.

Zarata mapa idazteko kontratua esleituta

2023-2027 Gobernu Planak, Hirigintzako plan orokorra berrizteko aurretiazko lanen artean, zarata mapa eguneratzea du jasota. Udalak adierazi duenez, joan den maiatzean bideratu zuten hau egiteko kontratazioa eta ekaina hasieran jakinarazi esleipendunari. 

2017an egin zuen azkenengoz zarata mapa bat Arrasateko Udalak, eta 2019an berriz, zaraten aurkako ekintza-plana. Mapa, horrenbestez, 2027ra arte egon zitekeen indarrean, baina Hirigintzako plan orokorra berrezartzeko jaso zen lan bat izanda, "zarata-mapa eta horren ondoriozko zonakatze akustikoa berraztertzeko unea iritsi" zela iruditu zitzaien Udal gobernuko kideei, "mapa bera eguneratu eta plangintza urbanistikoaren berrazterketara begira izan ditzakeen eraginak aurretiaz aztertzeko". Zarata mapa berria urte amaierarako izatea espero du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak