EAJk hiriko zaraten mapa berritzeko eskatu dio Udal Gobernuari

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko uzt. 24a, 17:29

Arrasateko Eusko Alderdi Jeltzaleak txalotu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bide Azpiegituretako Departamentuaren bitartez, Arrasateko saihesbidean pantaila akustikoak jartzeko hartutako erabakia, ospitaletik San Josepe eremuko etxebizitzetara. "Trafikoaren zaratak nabarmen murriztuko ditu, bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko".

Agintaldiaren hasieratik, Arrasateko jeltzaleek "aktiboki" lan egin dute gai horretan, "herritarrei zuzenean mesede egingo dieten hobekuntzetan inbertitzeko beharraz" konbentzituta. "Gure jendearen bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko inbertsioa da hau, eta Aldundiari eskertuta gaude erabaki proaktibo hau hartzeagatik", adierazi du alderdi jeltzaleak.

Gainera, inbertsio hori aprobetxatuz, EAJ-PNVk Udal Gobernuari eskatu dio Aldundiaren ereduari jarraitzeko eta hiriko zaraten mapa berritzeko. "Mapa 2017an eguneratu zen azkenekoz, EAJren eta PSE-EEren gobernu bateratuarekin. Funtsezkoa da gure estrategiak eta ekintzak berrikustea eta eguneratzea, gure herritarren egungo beharrak islatzeko eta Arrasateko bizi-kalitatea hobetuko duen ekintza-plan zehatza ziurtatzeko", gaineratu du Ander Garay bozeramaleak.

Era berean, eskatu dio herritarrekin eta tokiko eragileekin batera lan egin dezala egungo egoeraren "irudi zehatza" lortzeko eta "arrasatear guztientzako bizi-kalitate hobea bermatuko duten neurri eraginkorrak" garatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak