Bakarrik bizi den adineko jendearen inguruko azterketa egiten ari dira Arrasaten, telefonoz. Inkestak 55 urtetik aurrerako pertsonei egingo dizkiete, aurrez ezarrita baitago adin tarte bakoitzeko eta genero bakoitzeko lortu nahi den erantzun kopurua. 318 erantzun lortu nahi dituzte (89 erantzun 55 eta 64 urte artekoen artean; 83 erantzun 65 eta 74 urte artekoen artean eta gainerako 146 erantzunak 75 urtetik gorakoen artean).
Hainbat galdera mota izango dira erantzun beharrekoak, honako atal hauen inguruan:
- Bakarrik bizitzearen eta sumatutako bakardadearen ingurukoak.
- Espazio publikoen erabileraren ingurukoak.
- Sumatutako irisgarritasun gabezien ingurukoak.
- Segurtasun sentsazioari buruzkoak.
- Espazio publikoetan teknologia berriak erabiltzeari buruzkoak.
Behin informazio hori jasota, Euskal Herriko Unibertsitateari pasako dizkiote emaitzak eta hark txertatuko ditu egiten ari den ikerketaren baitan. Ikerketa horren ondorioak Arrasateko Udalarekin partekatuko ditu gero Unibertsitateak. "Ikerketaren ondorioak oso lagungarriak izango dira Udalak aurrera begira hartuko dituen erabaki urbanistikoei begira". Hori dela eta, galderak erantzuteko eskaera egin du Udal Gobernuak.