"Intimoagoak" izango diren bi kontzertu, Arrasate Blues borobiltzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko uzt. 22a, 10:16

Asteburu betearen ostean, orain Arrasate Bluesen "unerik intimoena" datorrela azaldu dute Ibai-arteko kideek. Hala, Mingo Balaguer eta Danny del Toro harmonika-joleak etorriko dira Arrasatera, haien taldeekin, uztailaren 24an eta 26an kontzertua jotzeko.

Lehenik, Mingo Balaguerrek egingo du kontzertua, Pablo Sanparekin eta Marti Elias bateria-jotzailearekin batera. Uztailaren 24an izango da hori, asteazkena, 19.30ean, Herriko Plazan. "Urte asko daramatzate elkarrekin jotzen. Duela hamarkada bat baino gehiago Mingo Sanpa & Bárez Bros laukotea sortu zuten eta haien Hometown Blues lehen lana 2015eko udan kaleratu zuten. Laukote honekin European Blues Challenge-en hirugarren saria irabazi zuten, Europako Blues lehiaketarik garrantzitsuena eta munduko bigarrena. 2022an Suediako Malmö hirian ospatu zen hamargarren edizioan", azaldu dute antolatzaileek.

Bigarren kontzertua Blues Duet bikotearena izango da. Mondragon Hotelean ariko dira uztailaren 26an, egubakoitza, 19.30ean. "Jonas Molina gitarrista eta abeslari madrildarrak oso gaztetatik garatu zuen blues gitarrarekiko gustua eta zaletasuna eta bere musika ibilbidea Madrilgo banda ezberdinetan hasi zuen. Madrilgo blues zirkuituan urteetan zehar talde ezberdinekin jo ondoren, bere taldea osatzea erabaki zuen eta bertan bere musika proiektu pertsonala aurkeztu zuen, kantu propioekin eta 50eko hamarkadako blues cover-ak Jump/West Coast blues eta swing/boogie woogie-kin nahastuta", adierazi dute.

Bere errepertorioan, kantu propioez gain, Lowell Fulson, Jimmie Vaughan, Earl Hooker eta Duke Robillard bezalako artistak omentzen ditu. Jump 50’s eta west coast estiloko blues elektrikoaren eraginak bere diskografian islatzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak