Azken txanpan sartuta dago Arrasate Blues jaialdiaren edizioa eta azken egunerako sorpresak ere utzi dituzte. Gaur eguerdian Jazzson's five taldearen ikuskizunarekin gozatzeko aukera izan dute etxeko txikienek; zirrara, barreak eta musika ona uztartu ditu boskoteak. Hotel Mondragonen amaitu dute emanaldia eta ondoren Ibai Garcia Blues Project-en kontzertuak girotu du bermutaren ordua.
Gainontzean asteburu betea izaten ari da Arrasaten, seigarren edizio honetan herriko hamaika txoko ezberdinetan egon delako jaialdiko kontzertuekin gozatzeko aukera. Maila handiko musikariek jarri dute giroa eta herritarrak ez dute hutsik egin, toki guztietan batu delako jendea. "Jende asko batu da eta oso pozik aritu dira. Ostegunean sekulako kontzertuarekin eman genion hasiera eta maila altua izan dugu aurten", adierazi du Jon Apraiz Arrasate Arrasate Blueseko antolatzaileetako batek.
Jaialdiak, ordea, azken emanaldi bat izango du gaur arratsaldean (19:00) Jokin Zaitegi plazan, izan ere, Arima Soul taldeak izango du seigarren edizioa agurtzeko ardura.
Arrasate Bluesek emandakoa erreportaje batean jasoko du Goiena telebistak, martitzenean.