Greta izeneko adineko emakume irakurleak eta haren bihotz taupadekin martxan jartzen den makinak mundu magiko bat sortzen dute Art-ilusio obran, liburu eta ipuin klasikoetako egoera eta pertsonaiekin harremanetan jarriz.
Halaxe murgilduko dira ikus-entzuleak Moby Dick-en, Txanogorritxo-ren, On Kixote-ren eta Frankenstein-en istorioetan. Aktoreek objektu eta material sinpleak baliatzen dituzte beste esanahi batzuk eman eta irudimenez betetako egoera harrigarriak sortzeko.
Markeliñeko sortzaileen proposamena publikoa entretenitzetik harago doa: "Haurtzarotik liburuarekin harreman fisikoa eta egunerokoa izatea oso ona da; irakurri daiteke entzunez, usainduz, haztatuz edo liburuarekin jolastuz, baita antzerkia eginez ere".
Udazabalen baitako kale-antzerkia hilaren 23an ikusi ahalko da, asteazkena, Seber Altube plazan, 19:30ean hasita.