Merkatariek hots egin, musikariek erantzun

Hasier Larrea 2024ko uzt. 19a, 11:53

Aretxabaletako Zerendepya taldea.

Bluesaren bueltako askotariko estiloen erreinua izango da Arrasate asteburu honetan, atzo hasi eta domekara arte hamalau emanaldi eta sorpresa gehiago egongo baitira ikusgai. Ibai-arteren Arrasate Blues jaialdiak sona handia hartu du dagoeneko.

Bi eszenatoki berri –Arimazubi eta Ziorla taberna–, aldi berean lau emanaldi, European Blues Challenge lehiaketan parte hartutako taldeak... Urtetik urtera hazten dabil Arrasate Blues jaialdia, eta aurten tokiko eta nazioarteko musikari aparten erakusleiho izango da seigarrenez, iazko sentsazio bikainak gainditzeko hainbat osagairekin.

Arrasate Irratiko Zaku bete kontu saioan tertulia interesgarria egin dute asteon jaialdiko zuzendari Jon Apraizek eta oholtzetara igoko diren Jokin Vitoria eta Iban Peñakoba bateria-joleek, Aitziber Aranburuzabala kazetariak gidatuta.

Peñakoba aretxabaletarrak Zerendepya taldearekin egingo du debuta festibalean, hirukote formatuan. Hard-rock kutsuko talde klasikoak jarraitu izan dituzte gaztetatik, eta aura hori darie, gehienbat, instrumentalak diren abesti propioei. Eskaintza jaso zutenean "bertigo apur bat" sortu zitzaiela aitortu arren, "18 urte" zeuzkatenean moduko "ilusioarekin" hartu dute erronka, "publikoaren gustuko izateko gogoz".

DEIA JASOTZEN DUTEN MUSIKARIEK GOGO ONEZ HARTZEN DUTE JAIALDIAN JOTZEKO GONBIDAPENA

Vitoria arrasatearrarentzat, berriz, hirugarren aldia izango da, oraingoan Arima Blues-en perkusionista. Euskaraz uztartzen dituzte soul, funk, rhythm and blues, jazz-groove eta neosoul estiloak. Mikel Makala DJ eta baxu-joleak eta Lidia Insausti abeslariak sortua, boskote gisa aurkeztuko dira Arrasaten: "Gainera, Jokin Zaitegi plazan joko dugu, nire gurasoen dendaren alboan", zehaztu du Vitoriak.

Arima Soul taldea.

Irratsaioko solasaldian konturatu dira bateria-joleak Jose Ramon Elkoro izan zutela biek irakasle, Arrasate Musikalen egoitza Aprendices eraikin zaharrean zegoenean. Aipatu dutenez, "lehen urte haietan Elkorok transmititutako motibazioa" mantendu egiten dute, eta nabarmentzekoa iruditu zaie haien irakasle izandakoa oraindik aktibo egotea: "Izan ere, jaialdia aurkezteko prentsaurrekoaren osteko kontzertutxoan baketak astintzen aritu zen".

Musikaren hizkuntzan

Halako istorioak biltzen ditu jaialdi txiki eta, aldi berean, handi horrek. Eta norbaitek ondo baldin badakizki, hori Jon Apraiz da, Arrasate Bluesen hariak mugitzeko arduraduna. Vitoriari jakinarazi dio haren lagun Alex Haro etorriko dela Olana Liss-en saxo-jole gisa, eta hark, harritzearekin batera, gogoratu du azkenengoz Elvis Presleyren omenezko kontzertu bat jotzeko elkartu zirela, Donostiako Daba-Daban.

Eklektikoak baitira bluesaren bueltan mugitzen diren musikariak, askotariko iturrien edaleak. Zenbaitek aurrez ia elkar ezagutu gabe konpartituko dute oholtza, eta aspalditik batera ibili izan direla irudituko zaio publikoari. "Adibidez, Mingo Balaguer harmonika-jole sevillarrari esan nion jaialdira etorri nahi bazuen nik aukeratuko nizkiola musikariak, eta zeintzuk izango ziren esan nionean erantzun zidan betirako joko lukeela haiekin", kontatu du Apraizek.

Denek baiezkoa

Jaialdiari baina-ren bat ateratzekotan, shuffle erritmoko dei-erantzun doinuen presentzia urteko sasoi gehiagotara zabaltzea gustatuko litzaiekeela adierazi dute solaskideek: "Dena den, uztail erdialdeko festibal hau ezagun egin da hemen eta han, eta horren froga da deitzen diegun taldeek gonbidapena onartu ohi dutela berehala".

Aparretan urtu gabe, lehen aldiko oinarriak mantentzen dituen kartela dela ziurtatu du Apraizek: "Denetik pixka bat duena, euskararen aldekoa eta emakumeak lehen lerroan jartzen dituena". Aipatzekoa da, azkenik, Aterpe tabernan ostiral eta zapatu gauerdian jam saioak egongo direla, eta domeka eguerdian, sorpresa gisa, familientzako ikuskizun ibiltaria, Herriko Plazan hasita.

KONTZERTUAK GAUR, BIHAR ETA ETZI

Bergarako Diablues & Bluezifer.

 

Gaur, egubakoitza

• 19:00 Vulcanizadas, Euskal Herria plazan.

• 19:30 Zerendepya, Musakolako Ziorla tabernaren ondoan.

• 19:30 Diablues & Bluezifer, Arimazubin.

• 20:00 Amann&The Wayward Sons, Otalora Lizentziaduna kalean –Taupa tabernaren ondoan–.

• 22:30 The Allnighters, Arotz plazan –Irati tabernaren ondoan–.

 

Bihar, zapatua

• 13:00 The Half Nelsons, Arbolapetan.

• 18:45 Mingo Balaguer & Pablo Sanpa Blues Blast, Portaloian.

• 20:00 Olana Liss, Herriko Plazan.

• 22:30 Ina Forsman, Herriko Plazan.

 

Etzi, domeka

• 13:00 Ibai Garcia Blues Project, Biteri ibilbidean – Mondragon Hotelaren ondoan–.

• 19:00 Arima Soul, Jokin Zaitegi plazan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak