Mojategin dauden bi instalazioren berrikuntza lanak hasi dituzte asteon. Bi inbertsio eta esku-hartze proiektu ezberdin badira ere, biak Mojategiko kirol instalazioetan daude, Musakolako kiroldegian. "Mojategin dauden kirol instalazioak etorkizuneko kiroldegian integratuko dira, eta horregatik, eguneratze eta mantentze inbertsioak egin ditugu bertan azken bi urteetan. Hain zuzen, atletismo pista berritzea eta argiztapen-sarea sistema eraginkor eta jasangarri batera igarotzea izango da burutuko diren lanen helburua", azaldu du Mikel San Miguelek, Kirol zinegotziak.
Modu horretan, Musakolako kirol azpiegiturak berritzen joango da Gobernua gutxika-gutxika. Uda honetan Mojategin egingo den inbertsioa, guztira, 1.111.175,40 eurokoa izango da. "Lanak udan egingo dituzte, kirol taldeen etenaldia aprobetxatuz, eta eguneroko jardunean eraginik ez izateko", dio San Miguelek.
Zortzi argi-dorre
Mojategin zortzi argi dorrez osatutako argiteria sistema dago. Lau dorrek futbol zelaia argiztatzen dute eta gainontzeko laurek, errugbi eta atletismo pistak. "Sistema halogeno zaharkitua du Mojategik, horrek dakarren kontsumo energetiko eta ekonomiko handiarekin. Horregatik, lan hauekin, sistema zaharra kendu eta LED sistema berria jarriko dute. Sistema berriak argia erregulatzeko aukera ere eskainiko du, erabileraren arabera egokitzeko", azaldu du San Miguelek.
Mojategiko argiteriak indar handikoak direla gaineratu du, eta Arrasaten energia gehien kontsumitzen duten instalazioak direla –305.000 kwh urtean–. Aldaketarekin kontsumoaren erdira pasako da Mojategi, zinegotziaren esanetan, eta urtean 20.000 euro aurrezteko aukera izango du Udalak. "Gainera, trantsizio energetikorako aldaketa garrantzitsua izango da eta Co2 gutxiago isurtzen lagunduko du". Lanak Tecuni enpresak egingo ditu datozen zortzi asteetan, 361.602,81 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).
Hamazazpi urte berritu gabe
Mojategiko atletismo pistak hamazazpi urte ditu, eta ordutik berritu gabe egon da. "Helburu nagusiena izango da zoladura eta ekipamenduak berritzea, modu horretan, araudira egokituz". Aste honetan hasi berri dituzten lanak hamabi astetan amaitzea aurreikusten dute, eta lan horien aurrekontua 749.572,59 eurokoa da (BEZ barne). Obras y Pavimentos S.A. enpresak izango du pista berria jartzeko ardura.