Lau urte igarota, Zuzendaritza Batzorde berria aukeratzea zegoen gai-zerrendan onartu beharreko puntuen artean, eta, lantalde berririk ez denez aurkeztu, bazkideek aho batez adostu zuten Ramon Barrutia buru duen lantaldeak karguan beste lau urtez jarraitzea. Barrutia berak jarraituko du presidente karguan eta Belen Aranbarri izango da idazkaria. Lantaldea beste bost kidek osatuko dute eta aurpegi berri bakarra Beñat Salaberrirena izango da. Barrutiaren lantaldea "pozik" dago azken lau urteetan egindako lanarekin, eta "2020an finkatutako helburuak betetzeko bide onetik" doazela esan dute.
Balantze-ekonomikoa eta kirol-esparrua
Besteak beste, 2023-2024ko ekitaldiko balantze ekonomikoa aurkeztu zuten batzarrean, eta diru-sarrerak eta gastuak "orekatuak" izan direla adierazi zuten, 160.000 euro pasatxokoak. Urtero legez, Garagardo Azoka izan da Arrasate Rugby Taldeak izan duen diru-iturri nagusia: sarrera guztien %25 inguru izan da. Gastuei dagokienez, kirol esparruan egin du inbertsiorik handiena Arrasate Rugby Taldeak 2023-2024ko ekitaldian: entrenamendu eta monitoreetan, hain justu ere. Testuinguru horretan, 2024-2025eko ekitaldirako antzeko aurrekontua aurkeztu du Zuzendaritza Batzordeak, "azken denboraldietako filosofiari eutsiz: sartzen den dirua baino gehiago ez gastatzea" da gure helburua. Kontu ekonomikoaz gain, kirol esparruan egindakoaren balorazioa ere egin du ARTk, eta, guztien artean, talde inklusiboarekin egindakoak azpimarratu dituzte. Bestetik, aipamen berezia izan du, baita ere, emakumezkoen sailak, aurtengo denboraldian 30 urte bete dituena.
Datorren denboraldiari begira, Arrasate Rugby Taldeak 230 jokalari inguru izatea aurreikusten du: 30 senior mailako mutilen taldean eta, beste horrenbeste, amen taldean; 35na beterano eta inklusiboan, eta 15 emakumezkoen senior mailako taldean, besteak beste.