'Zero kilometro' izaera duen musika-tsunamia, kaleak hartzeko prest

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko uzt. 15a, 19:44

Seigarren jaialdiko antolatzaileak eta musikariak, eguazteneko aurkezpenean.

Uztailaren 18tik 21era bitartean egingo dute Arrasateko Ibai-arte merkatari elkarteak Arrasateko Udalaren laguntzarekin seigarrenez antolatu duen Arrasate Blues musika jaialdia; doako hamabi kontzertu izango dira herriko hainbat gunetan banatuta.

Aurreko astean Monterron parkean egin zituzten Egurhotza musika urbano jaialdiari eta hirugarren Mondra&Roll punk, rock eta oi! estiloetako kontzertu sortari lekukoa hartuko die "zero kilometro izaerari leial" jarraitzen dion seigarren Arrasate Blues jaialdiak, datorren eguenean hasita.

Eguaztenean egin zuten seigarren aldiaren aurkezpena, eta han izan ziren Ibai-arte elkarteko presidente Jabi Inda, Arrasate Blues jaialdiko zuzendari Jon Apraiz eta Arrasateko alkate Maider Morras. Jaialdiaren antolakuntzaren atzean merkatari talde bat egotea jende asko harritzen duela nabarmendu zuen Ibai-arteko presidenteak: "Atzera begiratuta, umiltasunez eta poztasun handiarekin gogoratzen ditugu jaialdiaren lehen aldiak; are gehiago, urtez urte jaso ditugun esker-mezuak aintzat hartuta. Ilusio handiarekin prestatu dugu seigarrena eta dagoeneko esan dezakegu Arrasate Blues Euskal Herriko jaialdien zirkuituan sartu dela".

Jabi inda, Ibai-arte merkatarien elkarteko presidentea: "Euskal Herriko  musika jaialdien  zirkuituan dago"

Agertoki gehiago aurten

Hasierako izaerari eutsiz, urtetik urtera pauso bat gorago eman dute antolatzaileek eta aurten ere hala egin dute; esaterako, bi eszenatoki gehituta. "Herriko erdigunean izango dira, orain arte bezala, ekitaldi gehienak, baina hastapenetatik dugun asmoa betetzea lortu dugu aurten; hau da, bi auzotara zabalduta. Hori horrela, Musakolako Ziorla tabernaren ondoren eszena-toki berri bat izango da eta Arimazubi plazan, estreinakoz, beste bat. Guztira, bada, hamaika agertoki finko izango ditugu kalean, ahaztu barik Aterpe taberna egubakoitzean eta zapatuan, gauerdian hasita, jam session ekimenaren topaleku bihurtuko dela beste behin. Iaz bezala, Federico Berterano taldeak zabalduko ditu bi egunetako saioak, eta ongietorriak izango dira gerturatzen diren musikari guztiak; Arrasate Musikaleko musikari asko batu ziren iaz ekimenera, eta aurtengo jaialdian izango diren artista askok adierazi digute saioetara etortzeko asmoa. Sekulako giroa sortzen da inprobisatutako kontzertu horietan", azaldu du Arrasate Blues jaialdiko zuzendari Jon Apraizek.

Jon Apraiz, Arrasate Blues jaialdiko zuzendaria: "Bi agertoki berri eta aldi berean hainbat emanaldi izango dira"

Orain arte ez bezala, aurten, egubakoitzean, hain justu, aldi berean lau kontzertu eskainiko dituztela gaineratu du Apraizek: "20:00etatik 21:00era bitartean eta lau gunetan banatuta lau talde izango dira jotzen; ikusleak, bada, bere gustukoena aukeratu beharko du. Azpiegitura eta logistika aldetik sekulako esfortzua eskatzen digu horrek, baina gogotsu gaude". Merkatarien elkarteak herria biziberritzeko egiten duen lana eskertuta, Udalaren baliabideak eskura izango dituztela gaineratu du Maider Morras alkateak: "Maila handiko jaialdia da, herritarrek asko eskertzen dutena eta herriari bizitza handia ematen diona; bada, edozertarako bidelagun izango gara oraingoan ere".

Maider Morras, Arrasateko alkatea: "Jaialdi handia da eta bidelagun izateko gogotsu gaude, beste behin"

Nazioartetik, puntakoak

Kartelaren maila handia mantentzea ez da erraza izan, baina antolatzaileak "pozik" daude aurtengo eskaintzarekin. "Koska bat gorago egitea da beti gure helburua, eta lortu dugu. Nazioarteko artistei dagokienez, European Blues Challenge lehiaketa esanguratsuan saria irabazi duten Ina Frosnan, Mingo Balaguer eta aurtengo irabazle A Contra Blues taldeak gurean izango dira. Emakumeen presentzia handia izatea ere hastapenetako helburua dugu, eta aurten ere hala izango da; kantatzeaz gain, askotariko musika tresnak jotzen entzungo ditugu nazioartean erreferente diren askotariko artistak. Esaterako, Berlingo Ian Frosman eta bere taldea estreinakoz izango dira Euskal Herrian gure jaialdiaren bitartez", gaineratu du Apraizek.

Herriko zein eskualdeko musikariei tokia egitea ere jaialdiaren ezaugarria da hastapenetatik. "Orain dela bi urte gurean izan ziren Bergarako Diablues Ta Bluezifer taldearekin gozatzeko aukera izango dugu aurten ere, eta estreinakoz izango da Arrasateko eta Aretxabaletako musikariek osatzen duten Zerendepya taldea. Horiez gainera, bertako musikari gehiago igoko dira agertokietara. Horien artean, Gasteizko The Allnighters taldeko kide Bergarako Zigor Martinez, hau da, Arrasate Big Bandeko zuzendaria ere badena. Eta Donostia aldeko Arima Soul taldeko perkusio-jole Arrasateko Jokin Vitoria. Aipatutako eskarmentu handiko bi musikari horiek aurreko jaialdietan ere izandakoak dira".

Haurrentzako "sorpresatxoa"

Publiko zabala batu ohi du Arrasate Bluesek, izaera eta adin askotarikoak; hala, haurrak ere jaialdira batzeko asmoa dute, domeka eguerdirako egin duten proposamenarekin. "Etxeko txikienei ere keinua egingo diegu domekan 12:30ean Herriko Plazatik abiatuko dugun sorpresarekin. Familia osoak protagonista izatea nahi dugu ekitaldi horretan. Ez dugu askorik aurreratu gura, baina polita eta berezia izango dela uste dugu Herriko Plazatik abiatu eta erdiguneko kaleetan zehar egingo dugun musika-bidaiatxoa. Familia giroan ere gozatu daiteke-eta gure jaialdian".

Dantza ikastaroa Portaloian

Belarriak gozatzeaz harago, gorputzak dantzan jartzeko gogoz, bigarrenez gonbidatu dituzte Gasteizko Lazy Blues dantza taldekoak. "Iazko harrera ona gogoan, zapatuan, 11:00etan hasita, Portaloia dantza-areto bihurtuko dute Gasteizko dantzariek; publiko eta maila guztientzako saioa izango da. Ez dago aldez aurretik izena eman beharrik; bertaratu eta asko gozatuko dugu elkarrekin dantza eginez".

Elastikoak eskuragarri

Aurreko aldietan moduan, aurrekontuan laguntze aldera, Arrasate Blueseko elastikoak edo kamisetak eskuragarri daude. Adox Komunikazioak egin du diseinua eta 15 euroren truke eros daitezke kontzertuetan eta Arrasateko Kajoi tabernan eta Altuna lurrin-dendan.

Arrasate Blues jaialdiko kontzertuak

Uztailak 18, eguena
19:30 A Contra Blues, Herriko Plazan.

Uztailak 19, egubakoitza

  • 19:00 Vulcanizadas, Euskal Herria plazan –1990 tabernaren ondoan–.
  • 19:30 Zerendepya, Musakolako Ziorla tabernaren ondoan.
  • 19:30 Diablues&Bluezifer, Arimazubi plazan.
  • 20:00 Amann&The Wayward Sons, Otalora Lizentziaduna kalean –Taupa tabernaren ondoan–.
  • 22:30 The Allnighters, Arotz plazan –Irati tabernaren ondoan–.

Uztailak 20, zapatua

  • 13:00 The Half Nelsons, Arbolapetan –Ezkiña tabernaren ondoan–.
  • 18:45 Mingo Balaguer&Pablo Sanpa Blues Blast, Portaloian.
  • 20:00 Olana Liss, Herriko Plazan.
  • 22:30 Ina Forsman, Herriko Plazan.

Uztailak 21, domeka

  • 13:00 Ibai Garcia Blues Project, Biteri ibilbidean –Mondragon Hotelaren ondoan–.
  • 19:00 Arima Soul, Jokin Zaitegi plazan –Buenuena tabernaren ondoan–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak