Hainbat espazioren mantentze eta eraberritze lanak hasi dituzte aste honetan Musakola kiroldegian, azpiegitura berria egin bitartean "urte batzuk" igaroko direla azaldu baitu Mikel San Miguelek, Arrasateko Udaleko Kirol zinegotziak. "Gaur egungo kiroldegian espazio batzuk oso egoera txarrean daude; eta horren adibide dira eremu lehorreko aldagelak eta saunaren egoera txarra. Beraz, mantentze lan hauek, zerbitzu publiko duina eskaintzeko ezinbestekotzat jotzen ditugu, kiroldegi berria egin bitartean".
Eremu lehorreko lurra aldatzea izango da, beraz, zereginetako bat: "Antoñako pasilloan dauden aldageletako biniloa altxatu egin da hainbat tokitan, beste leku askotan biniloa kaltetuta dago, eta dutxenean lurra hondoratuta dago. Zerbitzu egoki bat emateko eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezkoa da lurra berritzea", adierazi du San Miguelek. Horrez gain, lanak egingo dituzte saunan ere: "Saunako lurra duela hamar urte berriztu zen, baina erabileraren ondorioz, dagoeneko gastatuta eta kaltetuta dago. Hau ere berritzeko aprobetxatuko du Udalak, uda garaia aprobetxatuz". Are gehiago, aldi hau probestuko dute sauna lehorra berritzeko ere, "oso kaltetuta" dagoelako.
Lanen exekuzioa
29.854,50 –BEZik gabe– euroko aurrekontuarekin, Pavimientos Sefer SL enpresak egingo ditu lanak, eta hilabeteko epea aurreikusi dute horretarako. Ondorioz, itxita daudenez Antoñara bideko aldagelak, erabiltzaileek harmaila azpikoak erabiltzeko aukera izango dute; guztira, lau daude zabalik. Sauna berriari dagokionez, Kirol Aukera enpresa arduratuko da horniketaz, 7.451 euroko aurrekontuarekin.