Hilero bezala, hileko hirugarren zapatuan, uztailaren 20an, egingo dute bertako produktuen azoka Seber Altube plazan 09:00etatik 14:00etara bitartean eta bertako produktuen ekoizleez gain, osagai naturalez eginiko aftersun lozioaren errezeta ikasteko aukera egongo da. Antolatzaileen esanetan, "birsortzailea, hanturaren aurkakoa, hidratatzailea, antioxidatzailea, lasaigarria eta freskagarria" da egingo duten eguzki osteko lozio hori.
Ikastaroan parte hartzeko plaza mugatuak daude, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea webgunean, BAZen edota 943 25 20 20 telefono zenbakian.
Emakume ekoizle eta artisauak ere bai
Egun, ordu eta leku berean egingo dute Emakume ekoizle eta artisauen azoka. Martxoan ziren egitekoak, baina bertan behera geratu zen. Artisauen salmahaietan egongo dira salgai teknika eta material ezberdinekin egindako bitxigintza, animaliendako osagarriak, kosmetika naturala, makramezko piezak, joskintza, bordatuak eta kakorratz-lanak.
"Dena eskuz eta mimo handiz prestatua; herriko eta inguruko herrietako emakume artisauak egindakoa. Bertatik bertara, emakumeen lana plazara!", adierazi dute Emakume Txokotik.