Euskaraldian dinamizatzaile lanak egingo dituen pertsona baten bila ari da Geike. Dinamizatzaile hori, hain zuzen, Arrasateko Euskaraldiaren eragile nagusia izango da, Geikeko talde motorrarekin batera.
Hala, honako hauek izango dira bete beharreko oinarrizko lanak eta funtzioak: Euskaraldiaren lantaldeak dinamizatzea, komunikazio lanak egitea (sare sozialak, tokiko hedabideak...); Euskaraldiaren inguruan antolatzen diren ekintzak kudeatzea eta antolatzea eta Euskaraldiaren nazio mailako foroetan parte hartzea.
Lanpostua eskuratu ahal izateko, hainbat baldintza ezarri ditu Geikek: euskara maila egokia (C1 edo baliokidea); lantaldean lan egiteko eta lantaldeak dinamizatzeko gaitasuna; lanerako autonomia; ordutegi malgutasuna; Arrasateko errealitate soziala eta herrigintza ezagutzea eta IKT eta sare sozialen gutxieneko erabilera. Horrekin batera, positiboki baloratuko dute Arrasatekoa izatea, euskalgintzan esperientzia eta langabezian egotea.
Lanaldiari dagokionez, lau ordukoa izango da 2024ko urritik abendura eta sei ordukoa, aldiz, 2025eko urtarrilaren 1etik ekainaren 20ra. "Gainera, Euskaraldia proiektuari bultzada emateko eta euskalgintzan trebatzeko aukera emango dio".
Izen-ematea, irailaren 18ra arte
Deialdia uztailaren 10ean zabalduko dute, etzi, eta irailran 18ra arte egongo da zabalik. Prozedura, berriz, lehenik curriculuma bidali beharko da aed@aedelkartea.eus helbidera eta gero, idatzizko probak eta elkarrizketak egingo dituzte irailaren 24tik 27ra, urriaren 1ean lanean hasteko, AED elkartean.
Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi aed@aedelkartea.eus helbidera edo deitu 943 77 12 28 telefonora.