Bederatzi mendi irteera antolatu ditu Udalak udako hilabeteetarako

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko uzt. 5a, 13:54

Murugain, Udalatxetik.

Lehena domekan izango da, uztailak 7; Anporretara, hain zuzen. Halaber, Kurtzetxikira, Murugainera, Gongetako meatzeetara eta bailarako beste hainbat udalerritara irteerak izango dira irailaren 22ra bitartean. Doakoak izango dira, baina izena eman beharko da udal webgunean, BAZen edota bi telefono zenbaki hauetan: 943 25 20 00 eta 619 48 57 67.

Arrasateko Udalak bederatzi mendi ibilaldi antolatu ditu uztailerako, abuzturako edo irailerako. Hala, hilabete bakoitzean hiru irteera egingo dituzte.

Etzi, domeka, PR-Gi 205 Anporretako bira egingo dute, burdinaren bidetik. "Bide hasieran ezagutuko dira mineral garbitokia zegoen ingurua eta hezegunea, eta gorago, gerra zibileko lubakiak".

Uztailaren 14an, Kurtzetxikiko bira egingo dute. "Ibilbide hau Kurtzetxiki (531 m) tontorrera igotzen da, mendiari bira emanez, Bedoña eta Asuela auzoetatik igarota".

Uztailaren 21ean, bestalde, Murugainera joango dira. "Ibilbide honetan PR-Gi 206 Murugain, dragoiaren bidetik ibilbidea egingo da. Gerra Zibileko lubakiak eta burdin aroko herrixkaren arrastoak ikusiko dira".

Abuztuko lehen asteburuan, Gongetako meatzeetara

Abuztuaren 4an, Gongetako meatzeak bisitatuko dituzte, antzinako burdin meatzeak. Ondoren Besaidera igo eta hildako euskal mendizaleen oroimenez eraikitako monumentua bisitatuko dute, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mugek bat egiten duten tokia.

Abuztuaren 18an, Udalatx mendiari emango diote bira, bidean, Besaide, Santa Luzia ermita eta Galarragako koba ingurua bisitatuz.

Abuztuaren 25ean, era berean, Udala-Besaide-Teilamendi ibilbidea egingo dute. "Udala auzotik ateratzen den ibilbide hau, Besaidetik igaro eta Teilamendi tontorrera igotzen da".

Irailean, besteak beste, Oñatiko lurretara

Irailaren 8an, Arrasate eta Bergara arteko muga den Irutontorreta ezagutzeko aukera izango da. "Ibilbide hau Meatzerreka auzotik eta San Migel baselizatik pasatuz Bergarako Irutontorreta (621 m) mendira igoko da, hemendik San Prudentziora jaitsi eta Etxezarretan zehar berriro ere Arrasatera itzuliz. Aukera dago ibilbidea moztu eta San Prudentzioko bus geltokian bukatzeko (12,5 km)".

Irailaren 15ean, Arrasate Arantzazurekin lotzen duen PR-Gi 106 egingo dute, Arrasateko erromesek Arantzazura joateko erabiltzen dutena. "Bidean Larriño, Urkulu, Urrexola eta Arrikrutz inguruak ikusiko dira. Ibilbidea Arantzazun bukatuko da".

Azkenik, irailaren 22an, Hartzaren Urratsa ibilbidearen zati berri bat egingo dute. Hain zuzen, GR 289-aren hirugarren etapa, Arrasaten hasi eta Gatzagan bukatuko dena. "Bidea Bedoña auzotik, Urkulu urtegitik, Mendiola eta Bolibar auzoetatik eta Atxorrotz tontorretik pasako da. Ibilbidea laburtzeko aukera egongo da, Eskoriatzan amaituz (12,5 km)".

Deskargatu hemen Udako Turismo Eskaintzaren liburuxka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak