Ana Busteros izan da Ibai-Artek eta Harremanek elkartasun egunean egindako tonbolako irabazlea, 0551 zenbakidun txartelarekin. Ibai-Arteko dendetan erabiltzeko 300 euroko bono bat eskuratu du Busterosek sari gisara. "Ikaragarria izan zen alaitasuna eta poza" adierazi dute bi elkarteetako ordezkariek eta eskertuta agertu ziren honen parte-hartzeagatik. "Esker on hau Elkartasun Egunera gerturatu ziren eta, elkartasunaren tonbolan parte hartu zuten guztiei zabaldu nahi diegu, hurrengo edizioetan ere parte hartzen jarrai dezaten" gaineratu dute.
Balorazio ona
Aurtengo elkartasun egunera "uste baino jende gehiago hurbildu" dela adierazi dute, eta antolatutako "jardueratan partehartzea ezin hobea izan" zela. Bide beretik, herritarrek bertan izan ziren Gobernuz Kanpoko Erakundeak -Hotz, Zehar, Amnistia Internazionala, Mugarik Gabeko Musikariak, AMS eta Monjas Mercedarias- ezagutzeko borondatea ere oso ona izan zela azaldu dute.
Tonbola bera ere oso ondo joan zen antolatzaileen ustez. Saltzeko zituzten 3.500 txartelak "uste baino lehen agortu ziren". Tonbolaren eta barraren bidez eskuratutako 3.586,43 euroak Munbaien (Indian) dagoen Aknur harrera etxera bideratuko da, "non 200 neskatila, gure laguntzari esker, bizitza hobe eta duin baterako hazi eta heziak izango diren". Aknur Santa Anako Karitatearen Ahizpek zuzentzen dute, "Mumbaira, bizi iraun nahian, iristen diren bazterreneko pertsonarik pobreenez arduratzen" dira hauek.