Aire zabalean, aurten, Malen Ruiz de Azua, Monica Clemente eta Andrea San Jose dira 4,40ko marka egin duten bakarrak. Hala, hiru horien artean egon da Espainiako txapelketako urrezko dominaren lehia. La Nucian (Alacant) proban arrasatearra izan zen 4,35eko langa gainditu zuen bakarra, eta lehenengo saiakeran gainera. Hori izan da urrezkoa lortu izanarekin kako nagusia. "Banekien Monica eta Andrea ez zirela urruti ibiliko. Pertika-jauziak azken urteetan izan duen bilakaerak erakutsi digu detaileak oso inportanteak direla. Nire asmoa zen 4,30a eta 4,35an lehenengo saiakeran gainditzea, eta ostean, besteen emaitzei begira egon", esan du.
Halaxe egin zuen. Bi altuera horiek lehen saltoan gaindituta, Clemente eta San Joseren marken zain geratu zen. Biek ala biek egin dute 4,30a gainditzea, baina, ezin izan dute 4,35arekin.
Ruiz de Azuak ez zuen saiakerarik egin 4,40ekoarekin. "Haizea kontra izan dugu. Gainera, nork bere marka onena txapelketa batean egitea ez da samurra izaten, eta uste nuen Clementek eta San Josek ezin izango zutela 4,40ko gainditu. Horregatik guztiagatik, uko egin nion altuera horri".
Orain, oporrak
Urrezko dominarekin pozik dator etxera. Helburu hori beteta, beste bat dauka begiz jota: oporrak. Gorriz markatuta ditu. "Pertikak Mojategin utziko ditut, eta atseden hartuko dut aste batzuetan. Iraila ere helduko da eta txapelketak ere itzuliko dira, baina, orain, oporrak hartzeko gogoz nago. Lasai egoteko beharra daukat. Txapelketa eguna bera oso luzea izaten da, eta lehiatzen hasi aurretik urduri egoten naiz", kontatu du.