Egurhotza: musika urbanoaren jaialdi berria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko eka. 29a, 09:12

Andaluziako Judeline artista izango da Monterron parkean uztailaren 4an.

Mondra&Roll-en antolatzaileek eskaintza bikoitza egin dute: datorren asteburuan punk, oi! eta rock doinuak entzungo dira Monterron parkean; eta bezperan, uztailaren 4an, musika urbanoa izango da protagonista, lehenengo Egurhotza izeneko jaialdian.

Muntaketa eta azken orduko lanak egiteke, Arrasateko Mauka Musikagintzak, Kataluniako HFMN Crewk eta Gasteizko Jimmy Jazz aretoak ia dena prest dute Arrasateko Udalaren laguntzarekin hirugarrenez egingo duten Mondra&Roll jaialdirako. "Txikitasunetik", baina urtetik urtera pauso bat harago emateko gogoz eta gazteak gonbidatzeko asmoz, Egurhotza jaialdia estreinatuko dute uztailaren 4an. "Iaz, Mondra&Roll jaialdiaren bigarren aldian, azpiegitura guztia muntatuta daukagunean beste zerbait gehiago egiteko aukera genuela konturatu ginen, eta Manu Chaoren kontzertua egin genuen. Bereziki gazteentzako zerbait berria eskaintzea izan dugu betidanik buruan, eta, modu batean esanda, gaur egungo gazteek egiten duen punka musika urbanoa dela esan daitekeenez, hala abiatuko dugu aurten egun bakarrean baina, akaso, etorkizunean luzeagoa izango den Egurhotza", azaldu du antolatzaile taldeko Iker Arronizek.

Iker Arroniz: "Azpiegiturak baliatuta aukera berriak eskaini gura ditugu"

Proposamen berriak "harrera ona" izan du publikoaren eta musika industriaren aldetik. "Musika urbanoaren esparruan gero eta sortzaile gehiago dago Euskal Herrian; horren erakusle da Debagoieneko harrobia. 17:00etan zabalduko ditugu ateak, 17:30ean hasiko dira emanaldiak, eta gauerdia bitartean sei talde joango dira agertoki berean txandakatzen. Instagram plataforman dituzue 27,50 eurotan sarrerak erosgai; eta egunean bertan leihatilan, 40 eurotan".

Euskal Herriko lau ordezkari

Egitarauan batutako sei proposamenen artean Debagoienekoak dira horietatik hiru. "Aramaioko Mutiko izango da taularen gainera igoko den lehenengoa. Trapa egiten du eta ari da musika eszena horretan tokia egiten. Eta bide arrakastatsu beretik doaz elkarren oso gertukoak diren Arrasateko Etxepeko kideak eta Martin Errasti Tata ere. Horiek guztiek, bakoitzak bere ezaugarriekin, hitz zorrotzak kantatuko dituzte, euren gertuko lagun Denso ekoizle gazteak sortutako doinuekin lagunduta. Proposamen oso ausartak eta berritzaileak dira eskualde honetan sortutakoak, baina dagoeneko Euskal Herri mailan erreferente bihurtzen ari direnak".

Euskal Herriko musikarien zerrenda J Martinak osatuko du. "Geratu barik gorantz doan taldea da. Orain dela bi hilabete inguru, Negu gorriak lana argitaratu zuten, eta hori aurkezten ari dira orain. Proiekzio handiko taldea dela esango nuke".

Judeline eta Ebano

Bogan dauden Espainiako Judeline eta Ebano artistek borobilduko dute egitaraua: "Judeline Caños de Mecako (Andaluzia) 21 urteko neska oso interesgarria da. Rosalia ezagunarekin konparatzen dute askok; flamenkoa eta musika urbanoa autotunearekin nahasten ditu. Valentzian jaiotako Ebano artista, berriz, hip-hop estiloan hasi zen, baina trapetik gertuago dago orain. Errespetu handiko musikaria da, eta aurrez aurkeztutako bertako artisten erreferentea. Bada, guztien artean Monterron parkean giro oso ona sortuko dela uste dugu, taularen gainean zein azpian".

Egitaraua

  • 17:30 Mutiko.
  • 18:30 Etxepe.
  • 19:30 Ebano.
  • 20:35 J Martina.
  • 21:50 Judeline.
  • 23:05 Tata&Denso.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak