Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta Arrasaten izango da azken finalaurrekoa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 27a, 13:06

Asier Azpiroz eta Goizane Alvarez gaur goizean eginiko prentsaurrekoan. Irudia: Bertsozale elkartea.

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean bederatzi debagoiendar aritu dira bertsotan, eta bostek lortu dute txapelketarako sailkapena: Ane Zuazubiskar Iñarra, Oihana eta Haizea Arana Cardenal, Aitor Tatiegi Loidi eta Maider Arregi Markuleta.

Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta 48 bertsolari arituko dira bertsotan. Hamasei saio izango ditu guztira, eta Urretxun izango da lehena: zazpi final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta finala. Finalaurreko azkeneko saioa, gainera, Arrasateko Uarkape pilotalekuan izango da abenduaren 1ean; orduan jakingo da nortzuk igaroko diren abenduaren 14an Donostian jokatuko den finalera, eta sarrerak dagoeneko salgai daude.

Hain justu, gaur eman dute txapelketaren berri, prentsaurrekoa egin baitute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Han izan dira Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua.

Bertsolari debagoiendarrak

Bailarako ordezkaritzari dagokionez, sailkapen fasean aritu ziren bederatzi bertsolarietatik bostek eskuratu dute txapelketarako txartela: Ane Zuazubiskar Iñarra arrasatearrak irailaren 14an izango du saioa, Urretxun; Oihana Arana Cardenal eskoriatzarrak, berriz, irailaren 21ean, Lazkaon; gainontzeko hiruek, azkenik, Aitor Tatiegi Loidi eta Maider Arregi Markuleta oñatiarrek, eta Haizea Arana Cardenal eskoriatzarrak urriaren 5ean, Azpeitian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak