"Enduro zirkuituak gora egin du kalitate aldetik"

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 28a, 18:00

Pilotu bat tramuetako bat jaisten, 2022ko lasterketan.

Domekan egingo dute, 08:30ean hasita, Arrasateko enduro txapelketaren seigarren edizioa. Aurtengoa, gainera, Sustrails Openerako puntuagarria izango da. "Lan handia egin dugu tramuetako bidezidorretan", adierazi du Asier Rosadok.

Domekako lasterketa Sustrails enduro txapelketako hirugarren proba puntuagarria izango da. "Openeko antolatzaileekin harremana dugu, eta orain arte Nafarroan egiten zuten txapelketa Euskal Herriko hainbat puntutara zabaldu dute. Hala, gurea txapelketaren hirugarren lasterketa izango da eta Openari oihartzun handiagoa emateko helburuarekin sartu gara bertan", adierazi du Arrasateko enduro proba antolatzeko lanetan dabilen Asier Rosadok. "Berez, 21 lagunek eman dute izena Opena osorik egiteko, eta beste asko lasterketaz lasterketa dabiltza izena ematen. Esaterako, Markel Uriarte aurreko probetan egon da, baina aurrez ez dago Opena osorik egingo dutenen artean".

Orain arteko lasterketak Lesakan –maiatzaren 12an– eta Larra eta Belaguan –ekainaren 1ean eta 2an– egin dituzte, eta Arrasatekoarekin Openaren erdia beteta izango dute. Izan ere, aurtengo zirkuitua mimoz prestatu dutela nabarmendu du Rosadok: "Esango nuke kalitate aldetik zirkuituko bidezidorretan koska bat egin dugula gora, lan handia hartu dugu eta jaitsierak mimoz prestatu ditugu. Aurreko urteotan ere asko zain du izan dugun kontua izan da, baina aurten beste pauso bat eman dugu. Zirkuituak, guztira, 25 kilometro inguru ditu, eta 1.300 metroko desnibel positiboa. Hala, aurreko urteotan lau bidezidorretatik bat edo bi izan dira sekretupekoak. Oraingoz aurreratu dezakeguna da laurak gordeko ditugula isilpean, eta lautik bi direla erabat berriak. Beste bi jaitsierak aurreko bost edizioetakoren batean sartu izan ditugunak dira".

Trafikoan eragina

Proba inguruetako mendietan izango bada ere, Musakolako trafikoari eragin diezaioke momentu batzuetan. Txapelketa 08:30etik 15:00etara izango da, eta, tarte horretan, Elkano kaletik Anporretaruntz doan bidea itxi egingo dute, egoiliarrentzat izan ezik. Era berean, Mojategi kiroldegi ondoko bidegorrian ere eragina izango du, bertan amaitzen baita ibilbidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak