2015etik 2023ra bitartean Arrasateko alkate izandako Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio digital eta Autogobernu sailburu berria da atzotik. Hamabost sailburu berrik hartu dute kargua guztira, eta Pradales lehendakariak huts egiteko beldurrik ez izatea eskatu die.
Legealdirako lan lerroak
Ajuriaenean izan zen kargua hartzeko ekitaldia, eta Gernikako Estatutuaren ale baten gainean egin zuten zina sailburu berriek. Estatutua osorik betetzearen beharra azpimarratu zuen hain justu Ubarretxenak: "Autogobernuan sakontzeko unea iritsi da, Gernikako Estatutua guztiz betetzen dela bermatuz". Bide horretan, "zintzilik dauden eskumenak geureganatzeko" beharra aipatu du sailburu berriak.
Legealdirako beste lan lerro batzuk "gobernantza eredua hobetzea, herritarren parte-hartzea, administrazioaren digitalizazioa bultzatzea eta tramitazio administratiboa desburokratizatu eta sinplifikatzea" izango direla iragarri du Ubarretxenak.
Foru Aldundiko diputatu berria
Gipuzkoako Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua zen orain arte Ubarretxena, eta dagoeneko eman dute honen ordezko izango denaren berri. Felix Urkola tolosarra izango da diputatu berria, eta Eider Mendoza diputatu nagusiak bihar, osteguna, gauzatuko du bere izendapena.