Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko instalazioetan bost ardatzetako ultradoitasunezko mekanizazio-makina bat instalatu dute, eta azaldu dute "[Espainiako] estatuko lehena" dela: "Doitasun mikrometrikoa du –merkatu zehatzena–, eta gai da giza ile bat baino ehun bider ebaketa finagoak egiteko". Hala, zehaztu dute "fakultatea lehen mailan" kokatu dela ikerkuntzari, produktuen garapenari, enpresentzako zerbitzuei eta industria-mekanizazioko prestakuntzei dagokienez.
Makinaren funtzionamenduari dagokionez, besteak beste, sektore aeroespazialean eta industria elektronikoan, medikoan eta oftamologikoan erabiltzen dira era honetako makinak, "sektore horiek mikrometro-hamarrenetako doitasuna izaten baitute beren garapen eta berrikuntzetan".
Erabilera zehatzagoak
Unibertsitateak makinari emango dion erabileren artean honakoak daude: "Ikasleei doitasun handiko fresaketa-tekniketan trebatzen laguntzea, eta enpresei doitasun handiko mekanizazioak behar dituzten prozesu- eta produktu-prototipoak garatzen; mikro eskalako fresaketa-prozesuaren gaitasunak ikertzea; eta, azkenik, geometria konplexuen fresaketari lotutako beste ikerketa batzuk".