Mondragon Unibertsitateko neskak izan dira AKS sariketan aukeratuak. Herritarren botoa jaso dute talde onenaren sarirako, eta merezimendu osoz jasotako saria izan da. Hain zuzen, duela hilabete lortu zuten, Granadan, LF2 kategoriara igotzea, eta ekitaldian bertan eman dute berri ona, klubeko arduradunek mailaz igotzeko dirua batu dute. Izan ere, gaur zen, ekainak 20, arre edo so egin erabakitzeko azken eguna. Eta aurrera doaz. "Oraindik ez dakigu kategoria berrian, zehatz-mehatz, ze aurrekontu beharko dugun, oraindik ez dugulako gastu guztien berri. Ez dakigu, esaterako, bidaietan zenbat diru gastatuko dugun; Tenerifera behin edo hirutan joan beharko dugun, taldea indartzeko beharrik izango dugun... Gutxi gorabeherako kontuak egin genituenean 130.000 eurotako aurrekontua aurreikusi genuen, eta esango nuke kopuru horretara iritsi garela, baina hori gutxieneko aurrekontua da, lanean jarraitu beharko dugu", adierazi dio GOIENAri Jose Mari Balzategi presidenteordeak. Hala, klubeko zuzendaritzako kideak biharko Goiena paperean emango ditu xehetasun denak.