Planta berria inauguratu du Dikar kooperatibak Garagartza auzoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 18a, 17:26

Ezkerretik eskuinera, Ucin, Riera i Rene, Garmendia eta Korta. Irudia: Dikar.

Kooperatibak gaur egin du planta berriaren inaugurazioa, eta tartean izan dira Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakaria eta Inmaculada Riera i Rene Espainiako Merkataritza Ganbarako zuzendari nagusia.

Dikar kooperatibak planta berria inauguratu du Arrasateko Garagartza auzoan, "etapa berri bati" ekiteko: "Reload izeneko kapitulu berri bati ekin dio. Dikar-en jarduera nagusiari, arma bat kargatzeko ekintzari, egindako keinua izateaz gain, erronka berriak gainditzeko inspirazioa ere bada Reload, berrikuntza eta egiten jakitea. Armagintzaren sektorean erreferente izaten jarraitu nahi du kooperatibak", adierazi dute ohar baten bitartez.

Hain justu, gaur egin dute inaugurazioa, eta han izan dira, besteak beste, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn, Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakaria eta Inmaculada Riera i Rene Espainiako Merkataritza Ganbarako zuzendari nagusia.

Esther Korta Dikar-eko zuzendari nagusiaren hitzetan, "harro" daude enpresaren ibilbidearekin: "Ehiza merkatuko handienen artean lehiatzea lortu dugu. Eredu produktibo bat eredu industrial moderno eta eraginkor batera aldatu dugu, kalitatean eta zerbitzuan oinarritutako produktu bikain batekin". Horrez gain, erantsi du ia laurehun pertsona enplegatzen dituela Espainia, Ameriketako Estatu Batuetan, Portugalen eta Frantzian dituen lau egoitzetan. Are gehiago, eredu kooperatiboaren balioa nabarmentzeaz gain, agintariei mezu bat helarazi die: "Horrelako jarduerak garatzen laguntzeko erabaki ausartak har ditzaten, egiaztatutako irizpide zientifikoetan oinarrituta".

Dikarren lana goraipatuz

Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko lehendakariaren esanetan, berriz, Dikar "eredu" da mugimendu kooperatiboan: "Birjaiotzea eta egokitzea funtsezkoak izango dira etorkizuna eraikitzeko' zioen On Jose Maria Arizmendiarrietak, Arrasateko mugimendu kooperatiboaren bultzatzaileak. Dikar-ek sinbolismo handiko planta berreskuratu du, eta instalazio modernoa eraiki, ingurunean aberastasuna sortuko duen puntako teknologiarekin". Izan ere, Fagor Garagartzaren egoitza zaharrean ireki du kooperatibak planta berria.

Inmaculada Riera i Rene Espainiako Merkataritza Ganberako zuzendariaren hitzei dagokienez, Mondragon eta Dikar industria arloan egiten ari diren lana izan du ardatz hitzaldian: "Zorionak eman dizkiot Dikarri bere bikaintasunagatik, berrikuntzarako duen gaitasunagatik, konpromisoagatik eta nazioarteko proiektuagatik. Eredu zarete Espainiako industria sektorearentzat". Azkenik, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariak EAEn ere zorionak eman dizkio kooperatibari: "Gai izan zarete proiektu handi hau martxan jartzeko, balio teknologiko handiko instalazioak inauguratzeko, kalitatezko enplegua sortuz eta gertueneko gizartearekin konprometituta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak