Urtero bezala, haur dantzari ugari erakarri ditu Haur Dantzarien Egunak. Goizean, etorri diren hamar dantza taldeak lau taldetan banatu dira eta herriko hainbat gunetan egin dituzte dantza erakustaldiak.
Arratsaldean, berriz, guztiak herriko plazan elkartu dira eta askotariko dantzak eskaini dituzte. Bizkaiko zinta dantza, Zuberoako makil dantza, Binakoa, Gipuzkoako arku dantza, Gorulari, Txantxoak, fandago eta arin-arina edota Txulalai dantzatu dituzte, besteak beste.
Amaitzeko, guztiek batera Larrain dantza egin dute. Dantzariek, Udalaxpe txistulari taldea eta Arrasateko gaiteroen laguntza izan dute.