Ekainaren 25ean, San Juan jaietako azken aurreko egunean, bertso jaialdia izango da, 12:30ean hasita, Arrasate Euskaldun Dezagun euskara elkarteak antolatuta. Azken urteotan, Seber Altube plazan egin izan da saioa, baina aurtengoa Arrasateko Zaldibar frontoian izango da –euria egiten badu, Kulturaten–. Punta-puntako bertsolariak izango dira bertso saioan, eta protagonisten hitz-joko ederrak aurreikusten dituzte antolatzaileek. Izan ere, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Aroa Arrizubieta eta Ane Zuazubiskar bertsolariak arituko dira bertsotan, oholtza gainean, eta jai-jartzailea, berriz, Olatz Zuazubiskar izango da.
Kalitatezko bertsolariak
"Bertso-jaialdian izango dugun kalitatea bermatuta dago. Izan ere, txapelduna dator gurera, Maialen Lujanbio. Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen lehen emakumea. Harekin batera Aroa Arrizubieta ere izango da, 2024an Arabako Txapelketa Nagusia irabazi zuena; Unai Iturriaga; eta baita etxeko bat ere: Ane Zuazubiskar arrasatearra. Beraz, aurreikuspen onak ditugu", adierazi du Itxaro Artolak, AEDko dinamizatzaileak.
Umorea protagonista
Lau bertsolariko saioetan umorea izaten da nagusiki protagonista, eta, halako saio batean gertatuko dena aurreikustea samurra ez den arren, ikus-entzuleek gozatu egingo dutela ziurtatu daiteke. Hitz-jokoen bitartez elkarri egindako adar-jotzeak ez dira faltako, eta gaurkotasunekoek ere izango dute lekua, duda barik. Sarritan bertsolariek erabiltzen duten ikuspegi originaletik helduta.