San Juan jaiak gertutik Goienaren eskutik

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 21a, 15:00

Iaz, Herriko Plazan, errementari dantza. Argazkia: Imanol Soriano

Ohitura den moduan, Goiena telebistak eta Goiena.eus webguneak jarraipen zabala egingo diete arrasateko San Juan jaiei. Gainera, aurten ere, Eitbrekin egindako elkarlanean, zuzenean emango dira makalaren igoera eta errementari dantza

San Juan jaiekin gozatzeko aukerarik ez dutenek Goienaren bitartez izango dute gertatzen denaren berri jakiteko aukera; izan ere, jarraipen zabala egingo zaie Arrasateko jaiei aurten ere Goiena telebistan eta Goiena. eus atarian. San Juan bezperan hasita, makalaren igoera (17:45) eta errementari dantza (21:00) kaleetan zehar zuzenean jarraitu ahalko da, Goiena.eus-en; San Juan sua ere (22:15) zuzenean emango da webgunean eta telebistan. Ondoren, danborrada ere ikusi ahalko da Goienaren webgunean.

Entzierroek ere jarraipen berezia izango dute; izan ere, ekainaren 24an, 25ean eta 26an, 08:55ean, zuzenean eskainiko dira Goiena.eus-en eta Goiena telebistan; baita ondorengo bigantxak ere. Hori gutxi balitz, jaietako astelehenean, hilak 24, Hemen Debagoiena jaietan saio berezia egingo da 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan; hilaren 26an, berriz, San Juan jaien gaineko Jaiak programa berezia eskainiko da Goiena telebistan, 21:00etan eta 23:00etan.

Bi pantaila

San Juan bezperan herritarrek ere jaien bueltan gertatzen dena herriko kaleetan ikusteko aukera izango dute, bi pantaila erraldoi jarriko direlako: bat plazan eta bestea txosnagunean. Plazakoa 17:45ean piztuko da, makalaren igoerarekin batera, eta errementari dantza kalean (21:00), San Juan sua (22:15) eta danborrada (23:15) ere bertan ikusteko aukera egongo da. Txosnaguneko pantaila, aldiz, errementari dantzaren hasierarekin piztuko da.

EITBrekin elkarlana

Iaz egin bezala, aurten ere Goiena telebistak eta EITBk elkarlanean emango dute San Juan suaren piztuera eta, besteak beste, dantza ikuskizunak, zuzenean, Herriko Plazatik. 22:15ean hasiko da Ilaski Serranok –EITB– eta Txomin Madinak –Goiena– gidatutako saioa. Bi kazetari horiez gain, Larraitz Zeberio –Goiena– arituko da plazan gertatzen denaren berri ematen eta protagonisten ahotsak eta iritziak jasotzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak