Jolaserako egunak datoz

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko eka. 20a, 09:52

Eguzkilarik, Gaztelaruk, barraken ordezko puzgarriek eta lehen aldiz egingo den gazte bazkariak osatzen dute gaztetxoenei zuzendutako egitarauaren mamia.

Askotariko proposamenak izango dituzte aukeran herriko txikienek. Alde batetik, Udal Gobernuak orain hiru aste iragarri zuen moduan, aurten ez da jaietan barrakarik egongo. "Jolasa eta entretenimendua bermatzeko" umeendako puzgarriak egongo dira hilaren 23an eta 24an, goizez eta arratsaldez. Biteri plazan egongo dira, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta doan izango dira. Udalak 6.534 euroko diru-lerroa bideratu du egitasmo berri horretara.

Arrasateko Txosna Batzordeak, bestalde, umeei zuzendutako ipuin kontalari saio bat iragarri du San Juan Egunerako, 19:00etan. Hortik aurrera, hilaren 25eko Haurren eta Gaztetxoen Festa Egunean izango dira ekintza nagusiak.

Gaztelaruren eskaintza

Gaztelaru Eguneko ekintzak 10:30ean hasiko dira. Kulturateko atzeko plazan kokatuko da gunea eta 12-16 urte arteko gaztetxoendako proposamenak izango dira. "Badira hiruzpalau urte Gaztelaru Eguna egiten dugula, eta aurten pentsatu dugu gaztetxoendako bazkaria ere antolatzea", azaldu du Txatxilipurdi elkarteko Itsaso Garaik.

"Oraingoz, hogei bat lagunek eman dute izena. Kopuru polita da, eta izen-ematea zabalik dago hilaren 24ra arte". Garaik azaldu du asmoa dela elkartu eta sukaldaritzan aritzea. "Gazteei proposatuko diegu gidatutako sukaldaritza saio bat egitea. Prestatuko dute bazkaria, eta aurretik erosketak egitea eta sukaldean aritzea tokatuko da. MasterChef moduko saio bat izango da".

Garaik azaldu du tailerrak eta musika ere izango direla. "Gazteek jarriko dute musika eta irratsaio bat egitea ere gustatuko litzaiguke. Horrekin batera, itxuraldatzeko gune bat egongo da, non gazteek makillatzeko eta apaintzeko aukera izango duten. Azkenik, eguraldiak laguntzen badu, igerileku txiki bat ere jarriko dugu, espazioari chill out itxura emateko eta ur jolasak egiteko".

Denen artean prestatutako jakiak jango dituzte aurten lehenengo aldiz egingo den gazte bazkarian, eta, ondoren, lagun arteko jokoak egingo dituzte. "Irratsaioa ere bazkalostean egingo genuke. Gaztetxoendako erreferente diren arrasatearrak gonbidatu nahi ditugu elkarrizketak egiteko".

Izen-ematea zabalik da hilaren 24ra arte gazte txokoen Instagram profilean zein 635 75 34 65 telefono-zenbakian. "Nahikoa da mezu bat bidaltzea zenbat izan- go diren eta elikadura alergiarik duten esanez", azaldu du Garaik.

Txikiagoendako, Eguzkilaru

Egun berean, hilaren 25ean, Eguzkilaruren etorrera ospatuko dute Arrasateko txikienek. Antolatzaileek 12:30erako iragarri dute betaurrekodun eguzki jostagarriaren ongietorri ekitaldia. "Aurtengo nobedadea da Seber Altuben ere egongo garela. Bertan egongo dira jolas parkeko puzgarriak, ohe elastikoak, margotzeko txokoak, sormen-guneak eta abar... Askotariko jarduerak proposatuko ditugu, eta ipuin kontaketa saioak ere izango dira. Horiek 11:30ean hasiko dira, eta Txatxilipurdiko kideek eta Ekin Emakumeak Taldeko kideek eskainiko dituzte", azpimarratu du Garaik.

Eguzkilaru 12:30 aldera helduko da eta merezitako ongietorria egingo diote umeek. "Urteroko makal txikiaren igoera ere egingo dugu Seber Altuben, eta 13:30ean apar festa izango dugu, apar artean jolasean aritzea gustuko duten guztiendako. Eguraldia lagun izatea espero dugu".

Bestetik, Monterron parkean egongo dira abentura parkeko atrakzioak. Tirolina bat, ur-bideak, eskalatzeko kutxa-dorrea eta arrantzan egiteko putzua nabarmendu ditu Garaik. Abentura parkea eta jolas parkea zabalik izango dira 11:00etatik 14:00etara.

"Harrera oso ona izaten du Umeen Egunak. Egun horretan umeendako espazioek herriko gune esanguratsuak hartzen dituzte eta ume, nerabe eta familia asko elkartzen dira; tartean, inguruko herrietatik etorritakoak ere bai. Arratsaldean pailazoen ikuskizuna egoteak ere laguntzen du bailarako jendea erakartzen".

Umeendako jolas parkea egiteko 12.000 euroko diru-lerroa jarri du Udalak eta Udal Gobernuko ordezkariek jakinarazi dute aurreko urteetan baino bi mila euro gehiago bideratuko direla aurtengo San Juan jaietako umeen ekintzak egiteko.

Pailazoen ikuskizuna

Haur ikuskizuna da sanjuanetako beste klasikoetako bat. Aurten, Porrotxek eta Marimotots-ek Ez gara jaitsiko ikuskizuna egingo dute Monterronen, 19:00etan. Marimotots zuhaitz baten adaburura igoko da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Porrotxek atzetik jarraituko dio, eta, zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira. Pailazoak Amazonia eta bertako jendea babesteaz arituko dira, klima aldaketaren arazoaz kontzientziatu nahian. 70 minutuko ikuskizuna da.

Erraldoiak eta kilikiak

Arrasateko erraldoiak eta kilikiak ere protagonista izango dira jaietan. Jarraitzaile asko dituzte, batez ere, umeen eta gaztetxoen artean, eta, aurten ere kalez kale ibiliko dira.

Bi egunez irtengo dira dantzara; hilaren 24an eta 26an. Berezia izango da San Juan eguneko saioa Seber Altuben. "Erraldoi txikiekin eta ertainekin batera aterako ditugu aurten konpartsako erraldoi handi guztiak; hamabiak", azaldu du konpartsako kide Joserra Perezek. "Gainera, urteko lehen irteera izango dute; izan ere, asko egin ditugu, baina erraldoi ertainekin eta txikiekin ibili gara. Handiak ez dira oraindik atera". Erraldoiak dantzan eta kilikiak lasterka ibiltzeko konpartsako 60 bat lagun ibiliko dira inguruan. "Sanjuanetan jende asko etortzen da gurekin. Arrasaten harrera oso ona dute aspalditik erraldoiek eta kilikiek. Sanjuanak egun bereziak dira konpartsarendako".

San Juan egunean 11:00etan irtengo da konpartsa, eta 11:30ean elkartuko dira Arrasateko bandarekin Seber Altuben egitekoa duten dantza saiorako. Ekainaren 26an ere 11:00etan irtengo dira urteroko kalejira egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak