Ohitura den moduan, Haur Dantzarien Eguna ospatuko dute San Juan jaien aurreko domekan; hau da, domeka honetan. Urtero bezala, Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeek elkarlanean antolatu dute eguna. Guztira, 10 euskal dantza talde izango dira: Oñatitik, Oñatz; Aretxabaletatik, Leizarra; Antzuolatik, Oinarin; Soraluzetik, Urrats; Aramaiotik, Lagun Artean; Agurainetik, Dardara; Iruñetik, Ortzadar; Urretxu-Zumarragatik, Irrintzi; eta Arrasatetik Lore Gazteak eta Txikitxu-Arrostaitz.
Goizean hasiko dute eguna dantzari gazteek. 10:00etan elkartuko dira, Zaldibar pilotalekuan. Elkarrekin tarte bat igaro ostean, kalejiran joango dira Plazara. 11:15ean herriko kaleetan barrena ibiliko dira, dantza erakustaldia egiten. Dantzan ibiliko dira guztiak, 13:30ak arte. Ordu horretan parte-hartzaile guztiak plazan elkartuko dira eta haurrak batuko dituzte. Arratsaldeko bostetan berrekingo diote egitarauari. Herriko Plazan elkartuko dira berriro haurrak, dantza emanaldiari hasiera emateko. Euria eginez gero, arratsaldeko alardea Uarkapeko Pilotalekuan izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Eguna amaitzeko, 19:00etan, Nemux taldearekin disko-festa izango dute, plazan bertan.