Txatxilipurdi Elkarteak eta Arrasateko Euskara sailak elkarlanean, Freskura egitasmoa antolatu dute aurten ere. Hala, uztailaren 1etik 26ra, 16:00etatik 20:00etara, euskarazko irakurgaiak, mahai jolasak eta jolaserako elementuak maileguan hartzeko aukera izango da Musakolako igerilekuan. "Honekin, euskaraz dauden produktu ezberdinen ezagutza eta erabilera sustatu nahi dugu. Aisialdi eskaintza euskalduna burutzera goaz", azaldu dute antolatzaileek.
Horretarako, uztaileko eguenetan Santa Barbarako ur-txorroten inguruan izango dira, 18:00etatik 20:00etara, askotariko tailerrekin:
- Uztailak 4: Talde jolasak.
- Uztailak 11: Sormen tailerra.
- Uztailak 18: Naturan Jolasean.
- Uztailak 25: Jolas erraldoiak.
Irakurketa kluba, uztailaren 17an
Arrasateko Udal Bibliotekarekin batera, irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz liburu bat irakurtzeko proposamena luzatu nahi dute aurten, irakurketa klubaren bitartez. "Liburuaren idazlearekin solasaldia ere antolatu dugu. Proposatzen dugun liburua 7G udalekuak da. Adin tarte zabalari eskainitako liburua da haur, nerabe zein helduek irakurri dezaketena", diote.
Modu horretan, uztailaren 17an, 18:30ean, Nerea Loiola Pikaza idazlearekin egingo dute solasaldia, Musakolako igerilekuan. Parte hartzeko, izena eman beharko da, hemen. Liburua irakurri nahi dutenentzat eskuragarri egongo da Arrasateko Bibliotekan, baita Freskurako igerilekuko txokoan ere.