Dirua batu ezinda dabiltza

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 11a, 12:19

Mondragon Unibertsitateko neskek kantxan lortu zutena baliteke bere horretan geratzea, Ointxe! dirua batzeko –130.000 euro behar dituzte LF2ra igotzeko– zailtasunekin dabilelako. "Arrasatek eta Debagoienak aukera historikoa gal dezakete eskualdeko emakumeen taldea Espainiako 3. lehiaketan jokatzen ikusteko", adierazi dute klubetik.

Granadan Mondragon Unibertsitatea Ointxe! taldeko neskek lortutako igoera historikoaren ostean, Zuzendaritza Batzordea "benetako zoramenean" ibili da egunotan, erakunde publiko eta enpresa pribatu ugarirekin harremanetan, aukera paregabe hau egia bihurtzeko beharrezko aurrekontu minimoa lortzeko.

Atzera kontaketa hasi da

"Hasi dugu atzera kontaketa, bederatzi egun ditugu dirua batzeko, ekainaren 20an amaituko delako Espainiako Saskibaloi Federazioak ezarritako epea kirol eskubidea duten taldeek plaza onartzeko edo uko egiteko".

Ointxe!-koek Kirolgi Fundazioaren ezezkoa jaso dute; Gipuzkoako Foru Aldundiaren erakundea da Kirolgi eta Gipuzkoako goi mailako kirola diruz laguntzen du. "Kirolgiren argudioa da bere estatutuek kirol jarduera bakoitzeko lehen bi taldeei bakarrik laguntzeko aukera ematen dietela, eta Mondragon Unibertsitatea Ointxe! gaur egun hirugarrena da. Beraz Kirolagiren partetik ez dugu laguntzarik jasoko. Baina Aldundian ateak oraindik ez daude behin betiko itxita, eta Ointxe!-ko zuzendaritza zain dago Aldunditik aparteko beste aukera bat ireki daitekeen ikusteko. Arrasateko Udaletxea hasieratik izan dugu bidelagun, eta udal kudeatzaileak seriotasunez ari dira lanean, beren mugen barruan, aukera hau egia bihurtzeko. Era berean, zenbait bilera egin dira Mankomunitateko beste udal batzuekin, eta, momentuz, Aretxabaletako eta Bergarako Udalek proiektu honetan laguntzeko jarrera oso positiboa dute.

Sektore pribatuan ere saiatzen ari dira

"Ointxe!-tik sektore pribatua ikertu eta arakatzen ari gara eskualdean, baita maila autonomikoan ere. Zenbait erantzun positibo jaso ditugu, baina azken laguntza erabakigarria falta da, gutxieneko aurrekontua izateko eta urratsa emateko. Ointxe!-ko zuzendaritzak argi dauka klubaren etorkizuna inola ere ez duela hipotekatuko, eta gutxieneko laguntzak lortzen ez badira, igoerari uko egin beharko diogula, eta berriro Lehen Nazionalean lehiatu beharko garela, tren hau berriro pasatzea oso zaila izango dela jakinda. Oraindik garaiz gaude, eta Ointxe!ko zuzendaritzak eskaera berezi bat egiten die berriro agente publiko eta pribatuei, Arrasateko eta eskualdeko emakumeen kirolak hurrengo denboraldian kantxan irabazitako lekua izan dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak