Langile publikoen behin-behinekotasuna %38tik %8ra jaitsi gura du Udal Gobernuak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 11a, 12:02

Pertsonak eta Udal Langileak Saileko zinegotzi Kepa Urteagak azaldu duenez, legea betetzen hasteaz gain, Udalak dituen baliabide nagusiak "modu eraginkor eta arrazionalean" antolatzeko aukera eskainiko du onartu berri duten lanpostuen zerrendak.

Joan den asteko osoko bilkuran lanpostuen zerrenda onartu ostean, lanpostuak egonkortzeko Lan Eskaintza Publikoak (LEP) deituko ditu Gobernuak. Hala, 35 lanpostu inguru egonkortzeko deialdia izango dela aurreikusi dute, aurten onartu diren lanpostuekin, eta, 2021, 2022 eta 2023an onartu baina exekutatu ez diren lan-eskaintzekin. Gehienez ere datozen hiru urteetan deitu beharko dituzte lan eskaintza publiko guztiak, nahiz eta Gobernuak uste duen "lehenago" izango dela.

Lanpostuen zerrenda berriarekin eta deituko dituzten Lan Eskaintza Publiko berriekin, behin-behinekotasuna %38tik %8ra jaistea aurreikusten du Gobernuak. "Agertoki berri horretara heltzeko, orain arte bezala, gogor egin beharko dugu lan. Izan ere, aurreikusi baino hilabete lehenago onartu da Lan Zerrenda berria, eta pozik gaude".

Akatsak zuzendu dituzte

Arrasateko Udalak urtero onartzen du lanpostuen zerrenda egokitua baina, Urteagaren esanetan, 2021 urtetik "akatsekin" egon dira. "2021ean Eusko Jaurlaritzak hainbat akats antzeman zituen argitaratutako zerrendan, eta horiek zuzentzeko eskaera egin zion Udalari. Ordutik hona Jaurlaritzak urtez urte egindako zuzenketa eskaera guztiak orain konpondu ditugu. Hiru urtez konpondu gabe egon den arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen, eta bete dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak