OruxMaps, mapak online zein offline kudeatu ahal izateko aplikazioa, erabiltzen ikasteko gidaliburua sortu du Besaide Mendizale Elkarteak. Proiektuak behar bati erantzuten diola dio Sergio Serranok, Besaideko kide eta gidaliburuaren egileak: "Bere garaian Euskal Mendizale Federazioaren partetik aplikazioaren inguruko formazioa jaso nuen. Azkenean erabaki nuen beste taldekide batzuk ere formatzea, mendira taldean joan ezkero, ni buru banoa, gutxienez beste bik, erdian doanak eta azkenak ibilbidea ondo jakitea komeni delako".
Gidaliburua zirriborro huts bezala hasi zen, baina denborarekin elikatzen joan dira, liburuxka itxura hartu arte. Hasiera batean mendi elkarteetako kideekin partekatu zuten materiala, Besaideko zein Aloña Mendiko kideekin kasu. Hala ere, aplikazioa zein gidaliburua esparru horretatik kanpo dabiltzenentzat ere interesgarri izan daitekeela uste du Serranok. Hemen eskuratu daiteke gidaliburua.
Aplikazioa
Ibilbideak diseinatzeko eta mapak kudeatzeko balio du OruxMaps aplikazioak. Android sistemetan soilik erabili daiteke. Deskargatzeko bi bide erabili daitezke. Alde batetik, aplikazioaren atari ofizialean eskuratu daiteke aplikazioa, eta gero norberak instalatu bere mugikorrean. Bestalde, Googleren Play Storek ere ematen du deskargatzeko aukera. Bi aukerak ordainpekoak dira. Bada doako bertsio bat, Mapas de España - IGN izena jasotzen duena, eta hau ere Play Storetik deskargatu daiteke.