Tonbola da Harremanen Elkartasun Eguneko ikurra zalantza barik eta horixe da Harremanek laguntzen dituen proiektuekin elkartasuna adierazteko bidea ere. Izan ere, tonbolan parte hartuta, Ibai-artek eskainitako ehunka sari eskuratu ditzakete herritarrek eta hartara, Harremanek Indiako Mumbai hirian laguntzen duen umezurtz-etxe bat lagunduko dute. "Gure lan-ildoetako bat da Indiako Ankur umezurztegira laguntza bideratzea. Bertan daude 2 eta 14 urte bitarteko 220 neskatila eta haiei bizitza duin bat eta heziketa emateko proiektua da Ankur. Horregatik da hain garrantzitsua gaur herritarrek tonbolan erostea. Gure helburua da, gaur, 4.000 euro bat lortzea harako", azaldu du Itziar Uriartek.
Zozketari dagokionez, zenbaki saritua 0551 izan da. Ordezkoak, berriz, 2444 eta 1541.
25 urtetan errotua
Elkartasun Eguna herriko eta bailarako beste elkarte zein kultur talderen jarduna bistaratzeko eguna ere izaten da. Eta oso eskertuta daude Harremaneko kideak, herritarrek ematen dieten laguntzarekin. "30 urtetik gora daramatzagu lanean eta dagoneko ezagunak gara. Gaurko festa, bailarako eta Arrasateko kultur taldeekin egiten dugu eta oso babestuta sentitzen gara. Gainera, beste Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuen lana bistaratzeko ere balio izaten digu eta elkarren lana ezagutzeko ere bai. Gaur, esaterako, Amnistia Internacionaleko, Musicos sin Fronteraseko, Hotz Oñatiko edo Zehar Errefuxiatuekin elkartekoak daude gurekin batera", azaldu du Uriartek.