Mende laurdenera iritsi da Harremanen Elkartasun Eguna

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 4a, 10:24

Elkartasun Egunean hainbat postu jartzen dituzte Seber Altube plazan.

Hogeita bosgarrenez egingo dute, zapatuan, Harreman gobernuz kanpoko erakundeak antolatzen duen Elkartasun Eguna. Hala, egun osoan ekintzaz beteko dute Seber Altube plaza, 10:30etik 20:30era, eta herritarrei horietan parte hartzeko dei egin diete.

Arrasaten dagoeneko topagune bilakatu da Elkartasun Eguna eta aurten ere ez du hutsik egingo. Ohi moduan, gobernuz kanpoko erakundeek presentzia nabarmena izango dute, bai herrikoek eta baita beste hainbatek ere. "Euren jarduera solidarioen berri emango digute eta hainbat artikulu jarriko dituzte salgai, haiei laguntza emateko. Erakunde horietako batzuk gerra aktiboak dituzten herrialdeetan ari dira lanean, eta, gaur egun, egoera dramatikoak sufritzen dituzten herritarrengandik hurbil. Gu ere herrialde pobretuenen arazoak azaltzen saiatuko gara beti bezala", adierazi du Cristina Etxenausiak, Harremaneko idazkariak.

Egitarauari dagokionez, aurreko urteetan bezala, hainbat jardueraz osatuta egongo da. Batetik, haurrentzat, puzgarriak, disko-festa, DJ Goiko eta  jolas-parkea egongo dira, azken hori, Kids&Us akademiaren eskutik.

Bestetik, trikitilarien, dantzarien, klarinete-jotzaileen eta Arrasate Musikaleko gazte taldearen emanaldiak ere egongo dira. Azkenik, Azkaiter Pelox taldeak ere kontzertua joko du.

Horrez gain, Harreman Dendako kideak ere han izango dira, bidezko merkataritza sustatzen eta dituzten produktuen berri emanez. Modu horretan, txokolatea dastatzeko aukera emango diete herritarrei.

Tonbola, ezinbestekoa

Nola ez, tonbola ere egongo da, Harremanek laguntzen dituen proiektuekiko elkartasuna adierazteko aukera emanez. Tonbolan parte hartuta, Ibai-artek eskainitako ehunka sari eskuratu ahal izango dituzte herritarrek. Horrekin batera, 20:30ean, Ibai-arteko dendetan gastatzeko 300 euroko bonuaren zozketa egingo dute.

Horren harira, Harremanek "bereziki nabarmendu" gura izan du Ibai-arteren laguntza. "Urtez urte tonbola egiteko aukera ematen jarraitzen du. Eskerrik asko Ibai-arteko bazkide parte-hartzaile guztiei, horiek gabe tonbola ezinezkoa izango bailitzateke".

Tonbolan ateratako dirua Mumbaiko (India) Ankur harrera-etxera bideratuko dute. "Harrera-etxe hori Santa Ana Karitateko Ahizpek kalean jasotako 200 haurrekin egiten duten lan handia da, eta haurrek oinarrizko beharrizanak asetzeaz gain (elikadura, osasun- arreta, heziketa eta abar), maitasun handia ere jasotzen dute, etorkizun itxaropentsuago eta bizimodu duin bat lortu ahal izateko", azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak