Amerika Elkarteak antolaturik, gustu guztietarako ekintzak egin zituzten atzo Mugarik Gabe ekimenean. Goizeko 11:00etan Biter Plazan latindar azoka gastronomikoa izan zuten, eta herritarrak probatu zein erosteko askotariko jakiak izan zituzten. Azoka goiz osoan zehar egon zen, eta bitartean gazteenentzako pintura eta marrazketa tailerra, eta ipuin txapelketa egon ziren.
Arratsaldeko saioari, 17:00etan eman zioten hasiera. Adierazpen askeko panela egiten jardun zuten, eta aldi berean pintxo latindarrak dastatzeko aukera eskaini zuten. Amerika Elkarteko dantza taldearen aurkezpena egin zuten, eta ostean musika eta dantzarekin jarraitu zuten, Marinera Norteña haur dantza eta La Selva dantza. La Klave taldearen eskutik dantzaldia ere eskaini zuten.