Sinatzeko ekitaldia gaur izan da, eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile Carlos Garciak eta Elkartuko (Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileko) presidente Alfonso Lopez Etxezarretak sinatu dute hitzarmena. Akordioaren xedea da Unibertsitateko ikasleek proiektu zientifiko-teknologikoak garatzea, desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko.
Gainera, hitzarmenak jasotzen duenez, irisgarritasun unibertsalaren arloko prestakuntza-jarduerak diseinatu eta garatuko dira Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasleentzat. Bi erakundeen arteko lankidetza zenbait urte dela hasi zen, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, hainbat proiektu garatu dituzte; horietatik, hauek dira nabarmentzekoak: KOMUNIB, komun eramangarri irisgarri baten diseinua; INKLUGI, produktu eta zerbitzuek eragiten duten bazterketa ebaluatzen duen tresna, eta INKLUDIRE, kontsumo-produktuetarako irisgarritasun-jarraibideak ematen dituena.
Errealitate birtualeko proiektu berria
Sinatzeko ekitaldian, martxan jarritako azken proiektua aurkeztu dute Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Elkartuk. Helburu hau du: teknologia berrien irisgarritasuna hobetzea desgaitasuna duten pertsonentzat; esate baterako, errealitate birtualeko gailuen kasuan. Hori dela eta, Elkartuko erabiltzaileak Oroi enpresaren betaurrekoak eta urrutiko aginteak ari dira probatzen —pertsonen ongizate emozionala du ardatz enpresa horrek—.