Mugarik gabe amaituko dute Arrasateko Aniztasun Astea

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mai. 31a, 09:20

Amerika elkartearen jai bateko irudia. (Argazkia: GOIENA).

Amerika elkarteak "Latinoamerikako espresio kulturalak, gastronomikoak eta artistikoak" ospatzea du helburu bihar Biteri plazan egingo duen jaian; halaber, Retina Gipuzkoa Begisarek informazio-mahaia jarriko du leku berean goizean.

Aniztasun Asteari bihar emango zaio amaiera, Amerika elkarteak antolatu duen egun osoko ospakizunarekin eta Retina Gipuzkoa Begisarek jarriko duen informazio-gunearekin.

Kultura aniztasunaren aldeko ekitaldia egingo du Amerika elkarteak Biteri plazan, Mugarik gabe lelopean, eta goizeko hamaiketan hasi eta gaueko hamaikak bitarte egongo da zertaz gozatu. Daniela Castro da AmeRika elkarteko presidentea, eta adierazi du eurentzat "oso garrantzitsua" dela Aniztasunaren Astea ospatzea, iruditzen baitzaie beharrezkoa dela askotariko korronte kulturalak erakustea herritarrei. Biharko egunaren xehetasunak eman ditu: "Latinoamerikako espresio kulturalak, gastronomikoak eta artistikoak ospatuko ditugu". Hori horrela, 11:00etatik 14:00etara, Latinoamerikako zenbait txokotako janaria dastatu ahal izango da. Pintxo-potea ere egingo dute. Castrok adierazi du gastronomia postuetan lortutako dirua Amerika elkartearentzat izango dela: "Jendeak lagundu diezaguke kontsumituz, eta diru-sarrerak izan ditzakegu elkartearentzat".

Horrekin batera, etxeko txikienek mural batean adierazteko aukera izango dute.

Ipuin eta poesia txapelketa

Lehen aldiz Arrasate Herri Eskolarekin eta Arizmendi Ikastolarekin elkarlanean ipuin eta poesia txapelketa antolatu dute. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzendutakoa da, eta "berritasuna" da Amerika elkartekoentzat. "Ez gara gure kultura ikusarazten ari soilik, baizik eta haurren pentsaeran ari gara ereiten gure inguruan dauden aniztasunak", dio Castrok. Biteri plazan jarriko duten eszenatokian irakurriko dituzte haien sormen lanak, "bakoitza erosoen sentitzen den hizkuntzan", 12:00etatik 13:00etara bitartean.

Gainera, lehiaketako irabazleak bonu bidezko 35 euroko saria eskuratuko du herriko liburu-denda batean gastatzeko, horrela herriko komertzioa eta kultura babestu nahi baitute.

Musika eta dantza aurkezpenak

18:00etatik aurrera musika izango da protagonista, eta ordu horretan bertan, Amerika elkarteak sortu duen dantza taldea aurkeztuko du. Ondoren, Marinera Norteña haur dantza eta La selva dantza aurkezpena izango dira ikusgai. Azkenik, Bilbotik etorritako La klave izeneko musika taldeak girotuko du iluntzea Latinoamerikako doinuekin. "Haiek ere euren konpartsa ekarriko dute eta egun osoan animatuko dute Biteri plaza Latinoamerikako musikarekin", dio Amerika elkarteko presidenteak.

Ikusmen murriztua gizarteratzen

Retina Gipuzkoa Begisarek ikusmen murriztua duten pertsonekin egiten du lan, eta elkarteari buruzko informazioa emateko mahaia jarriko dute 11:30etik 14:00era Biteri plazan. Elkarte horretako presidentea da Itsaso Nuin arrasatearra, eta aurreratu du aplikazio baten bidez "ikusmen ona daukan pertsonak" esperimentatu ahal izango duela ikusmen murriztua dutenek nola ikusten duten: "Oso tresna ona da, baliagarria. Hori probatzen duena gure azalean jartzen da eta ulertu egiten gaitu. Oso garrantzitsua da hori guretako". Gainera, Ikusmen murriztua dut bereizgarriari buruzko informazioa ere emango dute.

Oro har, herritarren eta gaixotasuna pairatzen duten senideen artean ezagutarazi nahi dute ikusmen murriztuaren egoera, "oso ezezaguna" baita Nuinen esanetan: "Gizartea sentsibilizatu eta gure bizimodua hobetu. Hori da helburua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak