Urtean zehar egindako artelanak kalean ikusgai

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 31a, 10:00

Arrasate Margo Taldeko zenbait kide, Kulturolan duten lokalean.

Arrasate Margo Taldeak Artearen azoka egingo du bihar, Seber Altube plazan, 10:30etik 14:00etara. Taldeko hamalau artista bertaratuko dira eta euren lanak erakutsiko dituzte. Gaita ikasleen ikuskizunean ere parte hartuko dute margolariek.

Urteroko gisan, Arrasate Margo Taldeak Artearen azoka egingo du bihar. Seber Altube plazan izango da azoka, eta 10:30etik 14:00etara bitarte egongo da bertan. Talde horretako hamalau margolari bertaratuko dira azokara, eta euren artelanak ikusgai jarriko dituzte, urtean zehar egindako lanak eta izandako garapena ikus ditzaten arrasatearrek. "Helburua erakustea da, urtean zehar egiten duguna erakustea. Denbora horretan askotariko margolariak oinarri hartuta probatu ditugun teknikak ikusarazi nahi ditugu, besterik gabe", dio Jose Angel Iturbek, Arrasate Margo Taldeko kideak.

Teknika piktorikoak nagusi

Aurten, teknika piktorikoak izango dira nagusi Artearen azoka-n, nahiz eta beste estilo batzuetako teknikak ere izango diren. "Beste urte batzuetan collageek eta beste teknika batzuek zelanbaiteko protagonismoa izan dute. Aurten, teknika piktorikoak izango dira gehienak: akuarela, olioa eta akrilikoa. Collageren bat ere bada", aipatu du Iturbek.

Gaiteroekin elkarlana

Arrasate Musikaleko gaita ikasleek emanaldia egingo dute bihar, 12:00etan, Arrasateko kaleetan zehar. Azoka eta emanaldia gainjarri baino, nahiago izan dute lankidetzan jardun: "Gaiteroak ere kalean izango dira, eta, Seber Altuben diren bitartean, haien ekimenaren marrazki eta zirriborroak egiteko aprobetxatuko dugu". Emanaldian beste hainbat talde ere presente izango dira: Txikitxu Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeak, Arrasateko Erraldoien Konpartsa eta Arrasateko Gaiteroak.

Urtean bi erakusketa

Azokak taldeko kideei aukera zabaltzen die artelanak herriari erakusteko. Hala ere, azoka ez da aukera bakarra, Kulturaten ere erakusketa bat jartzen baitute urtero: "Urtean bi ekitaldi ditugu: bat hau da, motz samarra izan daitekeena, goiz bakarra hartzen duelako; bestea urte amaieran Kulturaten egiten dugun erakusketa da, hilabete luzez bertan egoten dena. Bi ekitaldien helburua lanak ikusaraztea izaten da".

Egoera ona

Iturberen arabera, taldea ondo dago: "27 pertsona gaude, guztira. Taldeak dinamika ona du; batzuk gazteagoak dira eta besteak zaharragoak, baina lokalean elkartzen gara eta elkarrekin gustura marrazten jarraitzen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak