Hogeita bederatzigarrenez jarriko dute garagardo azokaren karpa Arrasateko plazan, eta urteroko legez, jatekoaz eta edatekoaz baino gehiago izango dute bertaratuek maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean. Egitarauari dagokionez, eguenean karpa ireki bezain laster, herri kirolak egongo dira. Ostean, 19:00etan, pintxopotea egingo da, 20:00etan sukaldean lanean hasiko dira eta Garazi & Sala bikoteak girotuko du afaria. Egubakoitzean 19:00etan irekiko dute karpa, 20:00etan hasiko dira afariak banatzen eta 22:30ean Xaba DJ-k emanaldia eskainiko du. Azokarekin amaitzeko, zapatuko egitaraua egubakoitzekoaren berbera izango da, baina kasu honetan, Asier DJ izango da karpa girotzeaz arduratuko dena.
Garagardoa bai, baina jatekoa ere bai
Arrasate Errugbi Taldeko kideek jakinarazi dutenez, "2.300 garagardo litrotik gora eta beste 600 botilatxo" izango dute. Jatekoari dagokionez, "1.800 ogi, 570 txerri-ukondotik gora, 220 oilasko, 1.300 saltxitxa baino gehiago eta 14 patata kaxa" egongo direla adierazi dute.
Zazpinako txapelketa ez
Arrasate Errugbi Taldeko entrenatzaile eta kirol-zuzendari Julen Barrutiak adierazi du "agenda arazoak" direla-eta, aurtengo edizioan ez dutela Zazpinako txapelketa antolatuko: "Asteburu honetan ekintza ugari deituta daude, Euskadi zein Estatu mailan, horregatik gure txapelketa ez antolatzea erabaki dugu. Hala ere, errugbia ez da faltako, klubeko jokalarien artean ekintzaren bat burutuko baitugu Mojategin”.