Sanjuanetako egitaraua iragarri du ATX Arrasate Txosna Batzordeak, eta "eskaintza zabala" antolatzen "saiatu" direla adierazi dute batzordekideek, "adin eta gustu guztientzako gozagarri" izango dena: "Herritik eta herriarentzat filosofia oinarri izanda sortzen ahalegindu gara". Gainera, aurten, luzeagoak izango dira San Juanak, ekainaren 21etik 26ra bitarteko egitaraua aurkeztu baitute.
Hain justu, ekainaren 21ean, egubakoitza, gaztetxean ekingo diote egitarauari, Añube eta Kaparrak taldeen kontzertuak izango baitira 22:30ean. Txosnagunea, ordea, zapatuan irekiko dute, 18:30ean. Gazte olinpiaden finalak egingo dituzte ondoren, eta baita sari banaketa ere. Gauean, berriz, 23:00etan, Eire, Tapia eta Leturia eta Dupla taldeen kontzertuak izango dira. Alabaina, domekan, hilaren 23an, izango da jaien hasiera ofiziala, txupinazoarekin batera.
Hainbat ekintza
San Juan egunaren bezperan, ekainaren 23an, izango da txupinazoa, 12:00etan, eta trikipoteoa egingo dute ondoren, gazte bazkariarekin jarraitzeko. 17:00etan txopopoteoa egingo dute, eta 18:00etan, ohi den legez, makala igoko dute Herriko Plazan. Zutik erromeria taldearen kontzertua izango da, azkenik, gaueko hamabietan.
Ekainaren 24an, berriz, ipuin kontaketa izango da lehendabizi haurrentzako, eta Aiert eta Zirrara musika taldeen kontzertuak, ondoren. Azkenik, hilaren 25ean, hiru ekintza antolatu dituzte: pintxada kolektiboa, 13:00etan; karropoteoa, 17:30ean; eta, Zea Mays eta The Clayton taldeen kontzertuak, 23:00etan.
Hilabetetako lana
Zazpi eragilek –Askapena, Arrasateko Gazte Abesbatza, Bilgune Feminista, Ikasle Abertzaleak, Ernai, Gazte Koordinadora Sozialista eta Ttak– osatzen dute ATX, eta nabarmendu dute hilabeteak daramatzatela egitaraua osatzeko lanean. Areago, badira berrikuntzak ere: "Batzordearen itxura aldaketa, hain justu. ATX izena izango du hemendik aurrera Arrasateko Txosna Batzordeak, eta Miua estudioko kideen eskutik goitik behera aldatu dugu iruditegia".
Horrez gain, gogorarazi dute txosnagunea "gune aske bat" dela, guztien gozamenerako espazio bat. "Denon ardura da espazio seguru izan dadin erantzukizunez jokatzea. Ez dugu inolako erasorik onartuko".