ALMA-K israeldar jatorriko produktua Douglas dendatik erretiratzea lortu du BDZ mugimenduak

Hasier Larrea 2024ko mai. 25a, 13:00

Argazkiak: BDZ.

Atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Palestinaren aldeko BDZ –Boikota, Desibertsioa, Zigorrak– mugimenduko kideek Douglas lurrindegiaren aurrean. Bertan Israelen egiten den produktu bat saltzen dela ohartu ziren eta hura saltzeari uzteko boikot kanpaina abiatu zuten. Gaur adierazi dutenez, Arrasateko dendatik produktua kentzea lortu dute.

Palestinar herriak BDZ kanpaina abiarazi zuen 2005ean, 300 eragile baino gehiagoren babesarekin. Kanpaina horren helburua Israelgo produktuei boikota egitea, eta kulturatik, kiroletik edo hezkuntzatik eragitea da, palestinar herriaren eskubideak errespetatu arte.

Testuinguru horretan, Arrasateko Douglas dendan Israelen egiten den produktu bat saltzen zela ohartu ziren martxoan: "Produktu hau sales minerales del mar muerto da, Alma-K markakoa. Barra kodea 729 zenbakiaz hasten da eta honek Israelen egindakoa dela esan nahi du. Produktu hauek Israelek ilegalki okupatutako lurretan egiten dira. BDZ (BDS gazteleraz) kanpainaren
barruan, produktu hau euren dendatik kentzeko eskaera egin genion arduradunari martxoaren 20an, eskutitz bidez eta harekin zuzenean hitz eginda", azaldu zuten duela astebete.

Hura tramitatzeko epe bat adostu zuten. Behin epe hori pasata, eta produktua erretiratu ez zutela ikusita, boikot kanpaina abiarazi zuten joan den astean. Produktua erretiratzeko exijitzeko, atzo kontzentrazioa egin zuten Ertzaintzaren babespean zegoen dendaren aurrean. BDZko kideek gaur komunikatu dute, hitz hauekin, helburu hori bete dutela: "Gaurkoan lehen alea landatu dugu, marka bat seinalatu genuen eta hau kentzea lortu dugu. Marka hau ez da edozein eta lortutakoa garaipen garrantzitsu moduan har dezakegu, ALMA-K esklusiboki Douglasen saltzen baita eta lineal edo stand bat kentzeak salmentetan beherakada dakar. Argi geratu da Boikotaren bidea jorratu behar dela eta produktuak banan-banan kentzeko lana dela bidea. Denaren aurka ezin da egin. Guk hori argi dugu. Produktuak banan banan identifikatzeak eta hauek seinalatu eta boikoteatzeak garaipena ekarri du".

Hala ere, zera gaineratu dute: "Gure herritik produktua kentzeak ez du esan nahi ez dutenik salduko. Douglas kateko dendetan oraindik ere aurki daiteke, baita interneten ere. Gure aldetik mezu garbi bat zabaldu nahi dugu, jarrai dezagun ALMA-Kren produktuak boikoteatzen eta Israelen eginiko produktuei eta hauek saltzen dutenei boikota egiten".

Boikoteatzen jarraitzeko eskaria

Gogoratu dute "Palestinar herriak eskatu digulako" egiten dutela bat BDZ borrokarekin. Horren harira, honako mezua helarazi diote gizarteari: "Produktuak identifikatzeko konpromisoa hartzeko eskaria egiten dugu eta produktu horiei eta produktu hori saltzen duten komertzio, merkatu edo supermerkatuei boikota egitea. Ezin ditugu produktu denak momentu berean boikoteatu, beraz, egin dezagun lana banan-banan. Produktu eta marka guzti hauek gure herritik kentzeko konpromisoa har dezagun. Identifikatzen duzuen produktuei argazkia atera eta bidali bdzarrasate@proton.me-ra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak