Adolfo Plaza izendatu dute Ikerlaneko presidente

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 24a, 08:54

Adolfo Plaza. (Argazkia: Ikerlan)

Laboral Kutxako gaur egungo presidente Adolfo Plaza izango da Ikerlaneko presidente. Lau urteko agintaldia bukatu beri duen Jose Miguel Lazkanotegiren lekukoa hartuko du.

Zentro teknologikoko Kontseilu Errektoreak Adolfo Plaza Izagirre (Bilbo, 1978) aukeratu du Ikerlaneko presidente izateko. "Ilusio handiarekin" hartu du ardura berria, bereziki Ikerlan 50. urte betetzen ari denean: "50 urte dira eta hau hasi baino ez da egin, etorkizunari begiratu behar diogu. Goi mailako prestakuntza duten 400 profesional baino gehiagoko taldearekin batera, puntako arlo teknologikoetan lan kooperatiboa sortzen jarraituko dugu, eta ezagutza eta profesionalak gure ingurunera transferitzeari lehentasuna ematen".

Kooperatibari lotutako ibilbidea

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da Plaza eta Zuzendaritza Aurreratuko MBA da Deustuko Unibertsitatean. Haren ibilbide profesionala kooperatiba munduari eta finantza sektoreari oso lotuta dago. 

2013an Mondragon kooperatibako Eragiketa zuzendari ardura hartu zuen, eta 2015ean, hango Kontseilu Errektoreko idazkari eta Ikuskaritza Batzordeko kide izendatu zuten. 2019an Laboral Kutxako Zuzendaritza Batzordean sartu zen, Finantza Arloko zuzendari. Azkenik, 2023ko Batzar Nagusian, Laboral Kutxako presidente aukeratu zuten, eta erantzukizun hori uztartzen du Mondragoneko Finantza Dibisioko presidenteorde karguarekin, Lagun Aro Aseguruen presidente karguarekin eta Lagun Aro BGAEko Zuzendaritza Kontseiluko partaide izatearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak